'Uda bizia' izango da Zaldibian
Zaldibiako Udalak, Ausa Gaztelu Guraso Elkarteak nahiz Zaldibiako beste hainbat eragilek egitarau zabala antolatu dute uda honetako, herriko txikienek aisialdi jarduerak izan dezaten.
Zaldibiako Udalak ohiko udako jarduerak bertan behera uztea erabaki zuen. Hala ere, Udalak eta Ausa Gaztelu Guraso Elkarteak, beste eragile batzuen laguntzaz, herriko haur eta gazteentzat egitarau zabala antolatu du, aisialdi aukerak eskaintzeko helburuarekin. Uztailaren 1etik 24ra bitarte, ekintza ezberdinak egongo dira herriko gune irekietan, betiere eguraldiak laguntzen badu. Ezarritako osasun irizpideak betetzen direla bermatzeko, Udalak bi arduradun jarriko ditu. Lan eskaintzan izena emanez gero, Udaleko zerrenda baten partaide izateko aukera ere luzatuko da. Zerrenda hori zaintzaile bat behar dutenen familien eskura jarriko da.
Egitaraua
Ixabel Agirresaroberen eskutik ipuin kontakizunak egongo dira. Horrez gain, dron ikastaroa, ginkana, “buru arin” tailerra, mendi ibilaldiak, zine emanaldiak eta karaokea egongo da. Herriko eragileek ere parte hartuko dute. Adibidez, Iztueta dantza taldeak dantza tailerra eskainiko du.
Izen-ematea
Kultur Etxean eman beharko da izena ekainaren 24a baino lehen. 943 16 03 38 telefonora deituz eta kulturetxea@zaldibia.eus helbidean egin daiteke.
Hurrengo estekan ikusi daiteke zeintzuk diren izena emateko jarraitu beharreko argibideak:
https://zaldibia.eus/eu/zaldibian-uda-bizia-haur-eta-gaztetxoentzako-egitaraua-1













