Paisaia berde jangarria
Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen XI. Egunean landareak eta loreak bildu dituzte, Clara Gutierrez biologoaren esanei segiz. Mutiloako Txerrigorri elkartean dastaketa egin dute ondoren
Lierniako gainean da hitzordua larunbatean, 09:30ean. Ordurako zain dago jendea, taldean eta bakarka inguratutakoak. Zumalakarregi Museoko antolatzaileak ere iritsi dira, baita Clara Gutierrez biologo eta etnobotanikaria ere. Mutiloako Txerrigorri elkartean izan da aurrez, eguerdi partean dastatutako dituzten jakien aurreko lanak egiten.
Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen XI. Eguna da. Maiatzetik uztailera atzeratu behar izan dute, jakinak diren arrazoiengatik. Ez dira garai berak, uda betean egoteak eragina izango du lore eta landare bilketan. Hogei laguneko talde mugatua da, elkartean segurtasun neurriak bete daitezen. Eta tartean bost kilometroko bidea, Barnaola, Troi bidea eta Mutiloatik igaroz, atzera abiapuntura iristeko. Sei orduko plana, otordua barne.
Berrehun landare galtzear
Musukoa jantzi, tenperatura hartu eta hasi da Gutierrez azalpenekin. Uztailean ugariak diren lore eta landareak soilik biltzea da asmoa. Uztaua izan da lehena. Landare arrunta gurean, «espinaka bat da». Bilketarako plastikorik ez erabiltzeko eskatu du, «landareak egosten» baitira. Zain-belarra llantena gazteleraz ere bilduko dute. «Gordinik jateko samurrenak hartuko ditugu, sendabelarretarako gogorrak direla erabiltzen dira».
Jakinduria eta etorri handiko emakumea da. Taldeka banatu ditu bisitariak, eta azalpenekin jarraitu du: «Mihilua (hinojo), hirusta, malba, barrabas belarra, osinak, basoko oreganoa… Maiatzean etorri izan garenean marrubiak bildu izan ditugu, eta txikoria-belarra ez dugu bilduko loretan dagoelako». Abiatu eta berehala osinari heldu dio, eta ez da erre. Hosto bat ere jan du.
Eta kezkarako datu bat ere eman du. Orain 40 urte arruntak ziren 200 lore eta landare desagertzear daudela Gipuzkoan, baita hainbat tximeleta ere. Zer pentsatua, berdeak kolore gehiago behar baitu inguruan.













