Idiazabalgo San Migel elizako bisita gidatuak hasi dira
Gaur, hilaren 26tik hasita abuztuaren 30 bitartean Idiazabalgo Turismo Bulegoak bisita gidatuak eskainiko dizkie herritarrei San Migel parrokiaren inguruan.
Idiazabalgo herria beti gaztarekin lotu izan den arren, beste hainbat ondare garrantzitsu dituela erakutsi nahi du bertako udaletxeak. Hau sustatzeko, Idiazabalgo Turismo Bulegoarekin elkarlanean San Migel parrokiara bisita gidatuak antolatu ditu herritar zein bisitarientzat.
Bertaratu direnek Maider Aranoren eskutik jaso dute antolatutako lehenengo bisita. Bisitariek eliza honek gordetzen dituen sekretuak gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Barroko estiloko organoa, 1745ean egindako erretaula edota bisigotika edo mozarabe garaiko pila ikusi ahal izan dituzte besteak beste.
Gaur ezin izan dutenentzat, abuztuaren 16 eta 30ean beste bi bisita antolatuko dira San Migelgo eliza ezagutu ahal izateko. Horrez gain, 9an eta 23an Idiazabalen ezaguna den Indianoen etxera bisitaldia ere antolatu dute. Interesa dutenentzat, gogorarazi joan baino lehen gomendagarria dela izena ematea info@idiazabalturismo.com postara idatziz edota 943 18 82 03 telefono zenbakira deituz.
COVID-19aren protokoloa
Segurtasun neurriak bermatzeko asmoz, bisita osoan zehar maskararen erabilera derrigorrezkoa izan da, eta honez gain eliza sarreran eskuak eta zapatak hidrogelarekin garbitu behar izan dituzte inguratu direnek.













