«Asko eskertzen dugu noizean behin hiriko anabasaz deskonektatu ahal izatea»
Aurtengo uda ezohikoa izaten ari den arren, asko dira ahal den neurrian abuztuko oporrez gozatu ahal izateko planak egin dituztenak. Emilio Rosales eta bere familia Bartzelonatik etorri dira, eta Beasaingo Dolarea Hotela aurkitu dute oporrak bertan pasatzeko.
Beasain aukeratu duzue aurtengo udako oporretarako. Zergatik?
Gu Bartzelonan bizi gara, eta oso gustuko dugun arren, asko eskertzen dugu noizean behin hiriko anabasaz deskonektatu ahal izatea. Gainera aurten covid-19a ela eta leku lasai bat bilatu nahi genuen familiarekin denbora gehiago pasa ahal izateko. Hala ere entzun dugu Euskal Herrian egoera erdipurdi dagoela, baina beno, badirudi leku guztietan antzeko egoera ari garela bizitzen.
Zuen lehenengo aldia da Euskal Herrian?
Hau nire hirugarren aldia da, baina alaba ez da aurretik inoiz etorri eta ilusioa egiten zidan berak ere hemengo parajeak ezagutzeak.
Beste urteetan ere Goierrira etorri zineten?
Ez, Donostian eta Zarautzen egon ginen. Asko gustatu zitzaigun, leku zoragarriak dira, baina aurten barnealdea ere ezagutzeko asmoz etorri gara hona.
Noiz arte geratuko zarete?
Momentuz hiru egunez egongo gara. Egoera kili-kolo dagoenez, nahiago dugu gure egonaldia pixkanaka luzatzea kolpetik hamabost eguneko erreserba bat egitea baino. Egia esan atzo goizean aukeratu genuen hona etortzea. Bagenekien Euskal Herrira etorri nahi genuela, baina ordenagailuaren aurrean jarri ginenean ez geneukan oso garbi nora joan. Azkenean Dolarea Hotela aurkitu genuen eta asko gustatu zitzaigun.
Zein dira ikusi nahi dituzuen hemen inguruko lekuak?
Oraintxe iritsi gara, baina arratsaldean ziurrenik Donostiara joango gara nire alabak hura ezagutzeko. Igeldo mendira eta Zarauzko kostara ere eraman nahi dut, baina horrez gain, aurten Beasainen gaudela aprobetxatuz, herria bera ere ezagutu nahi dugu eta inguruko gainerako herri txikiak ere bai.