Eguraldi onarekin batera jende-mordoa Ordiziako Azokan
Nobedade ugari izan dira asteazken honetan baserritarren postuetan eta horren isla izan dira gaur goizeko ilarak
Ilara luzeak izan dira protagonista gaur Ordizian. Saltzaile batzuk dagoeneko kanpora joan diren arren, Lasa edota Udanako Maite esaterako, oraindik ere badira opor garaian lanean tinko dabiltzanak. Joxe Antoniok ere esan du ez dela etorriko datozen bi asteetan.
Eguzkia gogor aritu den goiz honetan, itzal bila ibili dira bezeroak gaurko erosketa egiten zuten bitartean. Nobedade ugari aurkitu ahal izan dituzte gaur postuetan, hurrak esaterako, 5€-an kiloa.
Aramako Arantxa Zurutuzak sagar ugari izan ditu gaur, Idiazabalgo Kalbariokoak: Elstar, Akane eta Reina de Reinetas sagarrak esaterako; guztiek 3€/kg balio zuten. Pipermorroak ere izan ditu bere postuan 6€/kg.
Edurnek nobedade gisa basakana eraman du gaur, kiloa 5,5€-ren truke. Txikoria ere izan du, pieza 1€. Aste hau hala moduzkoa izan omen da txikoriarentzat, bero handia egiten ari da abuztuan eta txiki samar daude oraindik. Aramako Patxi Arizmendik babarrun txuri freskoa ere izan du, 10€/kg.
Mikologiari dagokionez, Basoakoek kanpoko onddoetan 80kg ekarri dituzte, 12-25€/kg balio zuen. Bertako zizahoriak 10kg eta kanpokoak 15kg, kiloa 18€-ren truke. Tripakiak ere bazituen, 3kg guztira eta kiloa 12€-ren truke.