Ordiziako azokara bisitan
Goierriko merkataritzaren eta bertako produktuen erakusleihorik onena da Ordiziako azoka, bost mendetik gorako tradizioa duen feria. D’Elikatuz zentroan eta bertan eskaintzen dituzten bisita gidatuen bidez, azoka eta Ordiziako herrigune historikoa ezagutuko ditugu. Eguna osatzeko, bertako jatetxeetan azokako produktuekin osatutako menu bereziak eskaintzen dituzte.
Duela bost mende baino gehiagotik, azokari eta bertako produktuen salmentari lotutako herria izan da Ordizia. Merezi du Erdi Aroko hiribildu honen herrigunea eta bertan dauden eraikin historikoak ezagutzeak. Asteazkenez joanez gero, azoka bisitatu daiteke, eta baita haren osagarri den D’Elikatuz zentroa ere. Plana borobiltzeko, azokako osagaiekin egindako menu bereziak dastatu daitezke herriko hainbat jatetxetan.
Ordiziako azokaren historia aspalditik dator, XI. eta XII. mendeetan ere egiten baitzen feria bat San Bartolome inguruan. Baina egun ezagutzen dugunaren jatorria ezagutzeko, 1.512. urtera jo behar da. Izan ere, herria erabat kiskali zuen sute baten ondoren, Joana I.a Gaztelako Erreginak «urtean zehar, asteazkenero, merkatu librea, zergarik gabea, egiteko errege baimena» eman zion Ordiziari. Plaza Nagusian eta haren inguruetan egin da geroztik, bostehun urtez baino gehiagoz. Plazak egun duen estalkia eta hura eusten zuten zutabeak, 1925. urtean jarritakoak dira. Ordiziako azoka erreferente da, ez Goierri inguruan bakarrik, baita Euskal Herri osoan ere, hango prezioak beste azoka batzuetarako ere kontuan izaten baitituzte.
Bisita eta bazkaria
Ordiziako D’Elikatuz zentroak –turismo bulegoa ere bada– elikaduraren inguruko erakusketa iraunkorraz gain, azokaren inguruko bisita gidatuak eskaintzen ditu. Bisita zentroan bertan hasten da, gastronomia eta nutrizioaren inguruko azalpenekin. Asteazkenez joanez gero, azokara bisita ere egiten dute.
Eta bisita bukatzeko, zer hoberik bazkari eder bat egitea baino. Zentroan bertan lotuz gero, herriko hainbat jatetxetan baratzeko produktuekin prestatutako menu bereziak jateko aukera eskaintzen dute.
D’Elikatuz Zentroa
· Helbidea. Santa Maria, 24. Ordizia.
· Ordutegia. 10:00-13:00 eta 16:00-19:00. Asteburuetan, 11:00-14:00 eta 16:00-19:00.
· Erreserbak. Telefonoa: 943 88 22 90 / E-posta: turismo@ordizia.eus.
· Bisita gidatuak. Udako asteazkenetan, 10:00etan. D’Elikatuz zentroa eta Ordiziako hiribildua eta azoka ezagutzeko bisitak.