«Datorren denboraldia erabakiorra izango da»
Caja Rural taldeko filialean egin du denboraldi hau Legazpiko txirrindulariak, eta afizionatuen Giroan lehiatzeko aukera izan du. Hurrengo urtean profesionaletarako saltoa eman nahiko luke.
Nolakoa izan da COVID-19aren txirrindularitza denboraldia?
Arraroa. Berez otsailean hasten da eta honez gero bukatuta izan behar zuen, baina martxoan izan genuen geldialdiarekin… Hasieran ematen zuen 15 egun bakarrik egongo ginela geldi eta apirilean hasi, gero ekaina esan zuten… Uztailean lasterketa bat egin genuen, baina ez zela bideragarria ikusi zuten eta beste hilabete bat geldi egon ginen. Azkenean abuztuan hasi ginen karrera normalak egiten, baina murrizketa askorekin.
Zer nolako murrizketak?
Tourra bezalako proba handiek ez dute hainbeste mugarik izan, baina gure lasterketetarako eskakizunak handiak izan dira, herrian bertan ezin dela bukatu, publikoa mugatu behar dela… Asko ezin izan dira egin.
Legazpikoa, adibidez
Bai. Pena handia izan da. Egutegian markatuta neukan maiatzaren 1eko Santikutz Klasikoa, gero irailaren 27an egitekoa zena… Datorren urtean!
Hala ere, izan duzu lehiatzeko aukerarik.
Azken hilabete eta erdian, bai.
Epe laburra, baino emankorra.
Bai. Denboraldiko bigarren zati hau Nafarroako Villatuertan hasi nuen uztail hasieran, eta geldi egon ginen hilabete hartan, Jacan (Huesca, Espainia) egon nintzen entrenatzen, lasterketaren bat egiteko itxaropenarekin. Jacan nengoela, Giroa hasi baino aste eta erdi lehenago, hara joango nintzela esan zidaten. Banuen horretarako esperantza txiki bat, baina oso argi ere ez nuen, lasterketarik egin gabe nengoelako eta ez nekielako nola iritsiko nintzen…
Nolako esperientzia izan da?
Girinoa edo 23 urtez azpikoentzako Giroa ez da karrera normal bat, munduko txirrindulari onenak daude, eta sailkapeneko lehenengo hamarrak talde profesional onenetan daude. Gure mailako lasterketa garrantzitsuena da, eta gustura aritu naiz horregatik. Zortzi etapakoa da, orain arte egin dudan lasterketa luzeena izan da. Hori ere esperientzia berria izan da.
Eta emaitzen aldetik?
Etapa batean 15. postuan amaitzea lortu nuen. Hala ere, nik nahiko ondo nengoela uste nuen arren, aurretik ez nuen lasterketarik izan erritmoa hartzeko, eta badakit Giroan erakutsi dudana baino maila altuagoa eman dezakedala. Italiatik etorri eta gero, Euskaldun eta Lehendakari trofeoko lasterketak egon dira, eta horien barruan Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak. Euskadikoan, oso indartsu zebilen taldekide batentzako lan egitea tokatu zait, irabazteko aukerak zituelako, baina azkenean erori egin zen eta ez zuen lortu. Beste lasterketetan, talde gisa oso lan ona egin dugu, eta postu onak lortu arren, garaipenik ez. Orain lasterketa bakarra geratzen da denboraldia amaitzeko, Eibarko Balentziaga.
Eta ondoren, ziklo krosa?
Ez dakit. Ni momentuz errepidean zentratzen naiz, eta kroseko lasterketak prestakuntza bezala hartzen ditut.
Prestaketa aipatu duzu. COVID-19ak izan al du eraginik?
Bai. Kanpoan entrenatzen eta lasterketekin hasi ginenean, aurre denboraldia egin genuen berriz, gimnasiako lanekin hasita, iraupena eta intentsitatea landuta… Etxean arrabola gainean entrenatzen ari ginenean, okerrena ziurgabetasuna zen, eta horrek kalte handia egin digu sasoi egokia lortzeko.
Lasterketak hasita, geure burua zaindu behar dugu, eta nik karrera aurreko egunetan jendearekin egotea saihesten dut adibidez. Lasterketa egunean, berriz, taldekideok burbuila bat osatzen dugu eta ez gara beste txirrindulariekin nahasten. Gainera, irteerara arte maskara jantzita ibiltzen gara, eta bukaeran berriz jarri behar dugu, eta irten aurretik tenperatura hartzen digute. Protokolo batzuk daude.
Lehen denboraldia duzu Caja Ruralen. Zer moduz?
Oso ondo. Talde handia da eta oso ondo zaintzen gaituzte, gure gainean daude beti material aldetik edo prestakuntzaren aldetik zerbait behar badugu.
Noiz arte egongo zara bertan?
Ez dakit. Filial batean zaudenean, profesionaletarako saltoa noiz emango zain egoten zara. Momentuz ez da izango, ez dut behintzat itxaropenik, aurten ezin izan dudalako erakutsi nire benetako maila.
Eta datorren urtean?
Hurrengo denboraldian eliteko lehen mailakoa izango naiz, eta saiatuko naiz profesionaletarako pasoa egiten.
Txirrindularitza beste zerbaitekin partekatzen al duzu?
Aurten robotikako goi mailako gradua amaitu dut UGLEn, baina ikasten ari nintzenean nekatuta bukatzen nuen. Horregatik, hurrengo urtean bizikletan zentratzea erabaki dut, ea urte ona ateratzen zaidan. Urte erabakiorra izango da, 22 urte ditut eta profesional bihurtzeko adin egokia da.
Txirrindularitza zure mundua al da?
Bai. Aspalditik, eta asko gustatzen zait. Familiatik datorkit, aita bizikletan ikusi dut beti eta txikitan karrerak ikustera askotan joaten ginen.