Igartubeitiko dolare zaharra sagardoa egiten hasi da asteburuan
Hiru egunez bakarrik ospatu da aurtengo Sagardo Astea. Taldeentzako berriz ere martxan jarriko da dolarea, ostiralera arte. Karmakros taldeak ez du hutsik egin
Urteroko hitzorduari huts egin gabe, aurtengo urrian ere ospatu da Sagardo Astea Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan, COVID-19ak iraupena eta egitaraua laburtu, eta bisitarien kopurua asko murriztu badu ere.
Sagardo Astearen adierazle nagusiak diren sagar jotzea eta dolarea martxan jartzea larunbatean, igandean eta astelehenean izan dira, publiko orokorrari zuzenduta. Gaurtik ostiralera bitartean, berriz, taldeei zuzendutako saioak izango dira, eta besteak beste, Maizpideko ikasleak eta Urretxun Bizi taldekoak joango dira Igartubeitira.
Sagardo aste «berezia»
Aurkezpen ofizialik gabea, sagarrak gastronomian duen papera ezagutarazteko tailerrik gabea, kirikoketa ikuskizunik gabea… «aurtengo Sagardo Astea berezia da», zioen atzo Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko arduradunak. Egitaraua asko laburtu behar izan dute, COVID-19agatik ezarri behar diren segurtasun neurriak tarteko, baita baserriko ganbarako edukiera ere, «beste urteetan 90 ikusle izaten dira saio bakoitzean, eta aurten aldiko 30 lagun bakarrik sartu ahal izan dira, segurtasun tarteak bermatzeko helburuz». Sarrera guztiak berehala agortu ziren.
Ikusleak pozik ziren, sagardoa modu tradizionalean eta halako dolare berezian nola egiten zen lasaiago eta gertuagotik ikusteko aukera izan zutelako. Gutxiago izanda ere, bi taldetan banatuta jarraitu zuten ikuskizuna, batean gidariaren euskarazko azalpenen laguntzarekin, bestean gaztelerazko azalpenekin. Lanean, berriz, lau gizonezko, sagarrak jotzen lehenik, sagar pilan oholak eta enborrak jarriz gero, eta dolarearen prentsari eraginez azkenik. Emaitza, beheko solairuan dagoen kupelean jasotzen den sagar muztioa, bisitariek gustura asko dastatzen dutena. Ez zen izan dastatu ahal izan zuten bakarra, sagar gozoz eta gaztaz egindako pintxoak jarri zituztelako salgai
Eta dolarea martxan jartzea nahiko ikuskizun ez balitz, antzerkiaz gozatzeko aukera ere izan dute asteburuan Igartubeitira hurbildu direnak, Kamakros taldearen eskutik, XVII. mendeko bizimodua ezagutzeko emanaldiak ditu eta, garai hartan Igartubeiti baserrian bertan bizi izandako Kortabarria familiaren paperean sartuta.













