Goierriko Hitzak 3.500. zenbakia argitaratu du gaur
Hamasei urteko ibilbidean 3.500 zenbaki argitaratu ditu Goierriko euskarazko egunkariak.

Ibilian egiten omen da bidea, eta Goierriko Hitzak, kontuan hartzeko moduko ibilbidea osatu du dagoeneko. Hamasei urte bete berriak ditu eskualdeko euskarazko egunkariaren proiektuak, eta denbora horretan, 3.500 zenbaki argitaratu ditu.
2004ko urriaren 5ean ikusi zuen argia, aurrenekoz, Goierriko Hitzak. Eguneroko informazioaren eta euskararen normalizazioaren bidean ekarpen garrantzitsua du eskualdeko egunkariak, baina baita eskualdearen kohesioa indartzerako garaian ere.
Urte horietan guztietan aldaketa eta erronka askori egin behar izan dio aurre proiektuak, baina tinko eusten dio bere bideari, bai paperean eta baita sarean ere. Etengabeko berrikuntza izan baita proiektuaren ezaugarrietako bat. Eta etorkizunari ere hala egingo dio aurre.