Hitza, irakurleen begietatik
Hamabost urtean, makina bat goierritar atera dira Goierriko Hitzaren orrialdeetan. Arlo ezberdinetako sei goierritarrek, Goierriko Hitza nola bizi duten azaldu dute.
fff
«Aurreneko lana HITZA jasotzea izaten da»
Martina Mujika (Beasaingo irakurlea)
Irakurle eta harpide fin asko dituzte GOIERRIKO HITZA-k eta GoiBerrik, eta horiei esker iritsi da 15. urteurrenera. Irakurle horietako bat da Martina Mujika beasaindarra. Hasiera-hasieratik da harpidea eta Berria egunkariarekin batera etxean bertan jasotzen du HITZA. «Banatzaileak 07:00ak aurretik etxeko leihoko pertsianan uzten ditu Berria eta HITZA. 07:30 aldera jaikitzen naiz, eta aurreneko lana, leihotik Berria eta HITZA jasotzea izaten da».
Egongelako mahaian utzi eta gosaldutakoan, «lehenengo begiratua ematen diot. Horixe izaten da eguneko lehenengo lana». Ondoren, egunean zehar, beasaindarrak «goitik behera» irakurtzen ditu HITZA, «eta ostiraletan GoiBerri. Ilusio handia egiten dit, izugarri gustatzen zaizkit». Arriarango kontuak badatoz, «bi aldiz ere bai igual» irakurtzen ditu albisteak. Bere burua ere ikusi izan du behin baino gehiagotan HITZA-ko orrietan: «Irteten banaiz, gustorago», dio irribarrez.
Hori bai, HITZA-ko langileek oporrak hartzeko eskubidea dutela jakin badaki ere, aitortzen du «luze» egiten zaiola abuztua HITZA-rik jaso gabe.
«Antolatutako ekintzak zabaltzeko bide bat da»
Lurdes Imaz (Segurako Antzerki Taldea)
Lurdes Imaz Segurako antzerki taldeko kideetako bat da eta proiektu berri bakoitza dutenean, HITZArekin jartzen da harremanetan, lan berriaren berri eman eta goierritarrei jakinarazteko: «Antolatutako ekintzak zabaltzeko bide bat da HITZA. Antzerkian ibiltzen gara, eta profesionalak izan gabe, gainerako egunkarietan ez dago tokirik. HITZAk beti guri aukera eman digu gure argazkia eta helburuak zabaltzeko, eta jendeak jakin egiten du zertan ari garen; lan horrek garrantzi bat hartzen du».
Horrezaz gain, Imazen ustez, «HITZAk daukan gauza onena da eskualdeko herri guztietara iristen dela, eta protagonismoa herriak hartzen duela. Herrietan egiten diren ekintzek lekua izaten dute, beste hainbat komunikabide eremu zabalagokoak baitira». Era horretan, «herria eta bailara sakonago ezagutzeko modu» bat da HITZA segurarrarentzat, «eta herrien harteko harremana sortzeko balio du». Herri txikienek ere lekua izaten dutela nabarmendu du Imazek.
Azken batean, HITZAri esker, «egunero herri bakoitzeko argazki bat edukitzen dugu, hitzez osatutako argazki bat; argazki hori gainera, aldatzen doa». Horrezaz guztiaz gain, «benetan balioa daukana, bailarakoa izateaz gain, euskaraz izatea da».
«HITZA-ko kazetariak ez dira sekula falta»
Aitor Urkiola (Emaneurre Taldea)
Emaneurre Ordiziako talde eragile aktiboenetakoa da, eta herrian edozein ekimen antolatzen dutenean GOIERRIKO HITZA egunkaria oso kontuan izaten dute. Aitor Urkiola taldeko kideetako bat da eta hark esan duenez, «GOIERRIKO HITZA-ren bidez Emaneurre taldeak antolatutako ekintzen inguruko informazio osoa eman dezakegu eta horrela, bai Ordiziako bai eskualde osoko herritarrek antolatutako guztiaren berri jasotzen dute».
Euskararen eta kirolaren alde egiten dute lan eta haiek antolatutakoak dira Goierriko Zazpi Orduak, Artisau Garagardo Azoka, Pilota Txapelketa Herrikoia, Azokari 500 Buelta Ordiziako azokaren 500. urterrenean, Kuadrillen Arteko Herrri Kirol Txapelketa, Emaneurre Euskarari Eguna eta Aritz Egearen erronka, besteak beste. Egun horietan guztietan «GOIERRIKO HITZA-ko kazetariak ez dira sekula falta izan eta guretzat oso garrantzitsua da babes hori jasotzea».
Komunikabide handiagoekin alderatuta, «Goierri eskualdeari haiek ematen dioten tartea baino handiagoa ematea eskertzen» duela ere esan du.
«Erosleek HITZA oso kontuan dute»
Patxi Arizmendi (Baserritarra)
Lierni Elorza kazetariak 2007. urtean ekin zion Ordiziako azokari ostegunero-ostegunero zortzigarren orriko kronika eskaintzen. Elorzari esker, urteko sasoi desberdinetako produktuen inguruan gehiago ikasteko aukera eta azokan salgai dauden produktuen prezioen gora-beherak ezagutu dituzte irakurleek.
Gainera, azokan lan egiten duten baserritarrei eta ekoizleei hitza eman die kazetariak. Horietako bat da Patxi Arizmendi aramarra eta hark esan duenez, astero-astero GOIERRIKO HITZA-k azokari espazio hori eskaintzea «oso ondo dago, kontsumitzaileek salgai dauden produktuen inguruko informazioa jasotzea oso ongi datorkigu azokako saltzaileoi».
Ordiziako, Beasaingo eta Zumarragako azoketan ohikoa daArizmendi, eta haren postura gerturatzen diren erosle askok HITZA-n agertu izan denetan gogorarazi diotela nabarmendu du. Horrekin konturatzen da, azokako erosleek «HITZA oso kontuan dutela». HITZA-n agertu den guztietan, «segituan» esan diote «HITZAn ikusi dut produktu hau edo beste salgai duzula».
«HITZA-ren ezaugarria gertutasuna da»
Alex Albisua (Dendaria)
Alex Albisua (Zumarraga, 1972) 2011ko urtarrilean atera zen GOIERRIKO HITZAn. Merkealdien harira elkarrizketa egin zioten herriko merkataritzaren egoeraren gainean Albisua Bi-Tartean Urretxu-Zumarragako merkatari elkarteko kidea baita. «Gure dendek bezala, GOIERRIKO HITZAren ezaugarri nabarmena da gertutasuna. Gertuko albisteak eta bertako bizilagunak. Nire ustez, jendeak kontuan izan beharreko egunkaria da, euskarazkoa gainera, eta aitortza egin behar zaie langileei ahalegin handia egiten ari direlako proiektuak aurrera egin dezan».
GOIERRIKO HITZA herritarrengandik hurbil dagoen arren, «ez dago behar beste zabalduta eta jendeak, oraindik ere, ez du nahikoa ezagutzen». Bi-Tartean elkartearentzat «gure egitasmoak ezagutzera emateko euskarria izan da. Aurretik ez zegoen euskarazko herri egunkaria eta guretzat garrantzitsua izan zen bere sorrera gure lana euskaraz eta bertakoei zabaltzeko aukera eman digulako». Albisuaren ustez, «hala herri merkataritzaren nola herri prentsaren inguruan kontzientzia gehiago behar da».
«Herritik gertuen dagoen komunikabidea da»
Jone Martinez de Albeniz (Matraka Emakume Taldea)
Jone Martinez de Albeniz (Legazpi, 1990) Legazpiko Matraka talde feministako kidea da. Taldea aurreko urteko azaroan eman zuten ezagutzera eta euren berri emateko GOIERRIKO HITZA aukeratu zuten, «herrian feminismoa hedatu dadin nahi dugu eta herritik gertuen dagoen komunikabidea da HITZA, euskarazkoa gainera. Legazpiar dezentek paperean zein Internetez irakurtzen duela ez genuen zalantzarik egin».
Matrakako kideak GOIERRIKO HITZA-rekin hartu-emanetan jarri ziren eta taldearen sorreraren, ekintza egutegiaren eta oinarrian dituzten ideien berri haren bitartez eman zieten legazpiarrei. Orduz geroztik, taldearen deialdiak eta ekintzak ikusarazteko zein zabaltzeko GOIERRIKO HITZA-ra jo dutela dio, «eman diguzuen espazioaren harira edo ez, kontua da legazpiarrek gure berri izan dutela. Beharbada ez da soilik HITZAn agertu garelako, baina horrek, ezbairik gabe, lagunduko zuen nonbait gure berri zabaltzen».
Martinez de Albeniz gaztetxoa zen orain 15 urte, baina etxean beti jaso dute GOIERRIKO HITZA, «orain Internetez irakurtzen dut, batik bat. Facebook-en jarraitzen dut eta edukiek nire interesa pizten dutenean sartu eta irakurri egiten ditut».