Hamaika albisteren lekuko
Goierriko Hitza makina bat albiste eta gertakariren lekuko izan da urteotan. Horietako askok toki bat merezi dute eskualdearen historian. 15 urte horien errepasoa egin dugu, 15 iruditan.
Urtekariei begiratu bat eman besterik ez dago, Goierriko Hitzak 15 urtez zenbat albiste landu dituen jabetzeko. Horietako batzuk, arrasto berezia utzi dute, bai Goierriko historian, baita Euskal Herrikoan ere.
Politika arloan, gatazkaren urte gogorren oihartzunak iritsi ziren Hitzaren orrialdeetara; ilegalizazioak, ETAren ekintzak, atxiloketak, makroepaiketak… Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua ere gertutik bizi izan du egunkari honek, giza-katearen eta herri galdeketen berri emanez, besteak beste.
Azpiegitura lan handien lekuko izan da, tartean Beasain-Durango errepidea edo hainbat protesta eragin duten AHTren lanak. Ekonomian, krisiaren urte gogorrenak ezagutu ditu. Kirol lorpenak ere bizi izan ditu, eta hainbat izan dira euskal kulturaren gailurrean aritu diren artista goierritarrak. Horien guztien errepasoa egin du Hitzak, hamabost albistetan.
» 2004
Harrera ona ‘Goierriko Hitza’-ri
Goierriko Hitza egunkariak urriaren 5ean argitaratu zuen aurreneko zenbakia. Euskalgintzako ordezkari ugarik parte hartu zuten aurkezpen ekitaldian, eta herritarrek harrera ona egin zioten proiektuari.
» 2005
Beneditarrak susmopean
‘Dena da ETA’ teoriaren urterik gordinenetan, Lazkaoko fraide beneditarren komentua ere susmopean jarri zuten. Juan Joxe Agirre artxibozaina atxilotu eta artxibategia miatu zuen Guardia Zibilak, 2005eko otsailean.
» 2006
Pilar Barandiarani omenaldia
Pilar Barandiaranek (Ataun 1911-2008), Joxemiel zenaren ilobak, urte askoan ixilean egindako lana omendu zuen Murkondo kultur elkarteak. Ekitaldia 2006ko azaroaren lehenean izan zen, Pilarrek 95 urte zituela.
» 2007
Ezker abertzalea jomugan
Ezker abertzaleko hainbat sigla legez kanpo utzi eta gero, Batasuna prozesuko kideen aurka jo zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. 2007ko urrian 23 mahaikide atxilotu zituen poliziak Seguran, tartean 3 goierritar.
» 2008
AHTren lanak, protesta artean
Abiadura Handiko Trenaren lanak hasi zituzten Ordizia eta Itsasondo artean, eta Mariaratz protesta ugariren gunea izan zen, makinak geldiarazteraino. Ordizia eta Beasaingo alkateek babesa agertu zioten proiektuari.
» 2009
Krisiaren urterik gordinena
Goierriko industria ere jo zuen ekonomia krisiak, eta 2009a izan zen urterik gogorrena. Sidenorrek aktibitatea eten zuen, Irizarrek produkzioa jaitsi eta Arcelorren EREa onartu zuten. Protesta ugari izan ziren.
» 2010
Proiekturik handienak martxan
Azpiegituretan ere eragin zuen krisiak, baina proiekturik handienek martxan segi zuten. Beasain-Durango errepidean Goierri garaiko fasea osatu zuten; AHTren lanak ere hasi zituzten 5 zatitan, protesta artean.
» 2011
Sarriegi Gipuzkoako txapeldun
Goierriko bertsolaritzarentzat urte berezia izan zen 2011.a, Aitor Sarriegi beasaindarrak irabazi baitzuen
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Ilunben jokatutako finalean, Iñaki Apalategi izan zuen lagun.
» 2012
Atez ateko bilketa martxan
Goierriko bederatzi udalek atez ateko hondakin bilke-taren aldeko apustua egin zuten, eta 2013ra bitartean
jarri zuten denek martxan. Sistemak emaitza onak lortu zituen, baina baita kontrako protesta ugari ere.
» 2013
Ordiziak bigarren errege kopa
Ordizia Rugby Elkarteak 2012 eta 2013 urteetan bizi izan zuen kirol unerik gorena, Ampo Ordiziak bi denboraldi bikain egin baitzituen, baita errege kopa bana irabazi ere. Ordizian harrera beroa egin zieten bi aldietan.
» 2014
Erabakitzeko eskubideak batuta
Nazioen Mundua dinamikatik hasi eta Gure Esku Dago egitasmoraino, Goierriko Hitza erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduaren zuzeneko lekukoa izan da hasieratik. 2014an Iruñea eta Durango lotu zituen giza-kate erraldoia izan zen mugarrietako bat. Herri galdeketak ere Goierrin hasi zituen GEDk, 2016ko ekainean.
» 2015
Sasieta zabortegia, azkenetan
Sasieta Mankomunitateak Beasaingo zabortegia behin betiko ixteko erabakia hartu zuen 2015eko urrian, 24 urteko ibilbidea bukatuz. Zabortegiak pilatu zuen 1,6 milioi euroko zorra 22 udalen artean ordaindu zuten.
» 2016
Iragarritako itxiera Arcelorren
Arcelor Mittalen zuzendaritzak apirilean iragarri zuen Zumarragako lantegia ixteko asmoa. Langileek protesta eta manifestazio jendetsuak egin bazituzten ere, lau hilabeteren buruan itxi zituzten fabrikako ateak.
» 2017
Itsaso udalerri izateko bidean
Urtebeteko prozesuaren ondoren, Itsasok udalerri izateko lehen pausoa eman zuen 2017ko urtarrilean, udalbatza berria osatuta. Prozesuak Aldundiaren babesa jaso bazuen ere, Espainiak oraindik ez dio bide eman.
» 2018
Emakumeen planto historikoa
Mugimendu feministak deituta, 2018ko martxoaren 8an «greba historikoa» egin zuten emakumeek, aurrenekoz, egun osoko geldialdi orokorra eginda. Goierriko herri nagusietan, mobilizazio jendetsuak egin zitutzen.