Bi bokazio asetzetik eskualdea egituratzera
Larunbatean hamabost urte beteko dira GOIERRIKO HITZA egunkariak argia ikusi zuenetik. Euskara bizitzea eta Goierri mailako informazioa ematea izan ditu langai eta helburu
Bi bokazio asetzeko erne zen GOIERRIKO HITZA, duela 15 urte. Euskara eta informazioa. Euskarazko eguneroko informazio eskubidean zegoen hutsunea betetzea eta bermatzea, batetik. Informazioko euskara sendotzea, bestetik. Mugarri garrantzitsua izan zen bi eremu horietarako. Ordura arte erdarazko komunikabide orokortu baten monopolioa hautsi zuen HITZAk. Informazio aniztasuna, ikuspegi ugaritasuna eta, garrantzitsuena, goierritarrek bertako hizkuntzan sortutakoa lengoaia berean jasotzeko aukera merkaturatu zituen. 2004ko urriaren 5ean aurreneko zenbakiak argia ikusi zuenetik, horretan igaro ditu hamabost urte.
Goierrin euskararen ezagutza %63koa da, gaur egun. Apurka, gorantz egin du urteen poderioz. Erabilera, aldiz, asko jaisten da ezagutzaren aldean. Zumarragako eta Urretxuko kalean %22k soilik darabilte; Legazpin %32k, Beasainen %35ek, Ordizian %43k, Lazkaon %44k. Etxeko presentzia oraindik gehiago apaltzen da. Azken 25 urteetan, gainera, herri txiki eta ertain guztietan murriztu da euskara etxean. Galga jarri ez ezik, motorea kontra-biran ipini beharra azaldu du euskalgintzak.
Euskararen normalizazioan eragin du HITZAk, sortu zenetik. Euskaraz sortzen denak, euskarazko plaza behar du, logikoki. Euskaraz irakurtzen dena, euskaraz komentatzen da; askotan, Interneteko sare sozialetan horien sorrera eta garapena bizi izan ditu HITZAk.
Facebooken 6.529 jarraitzaile ditu HITZAk, Twitterren 3.107, Instagramen 750, eta Youtuben 2.310 harpidedun. Hizkuntza hautatzeko puntura iristeko soilik bada ere, berdintasuna eta askatasuna behar baitira, oinarrian. Eta ez zegoen aukera bat eskaini du HITZAk horretan ere.
5.475 egun, 67.600 albiste
Hamabost urteotako 5.475 egunetan, milaka albiste argitaratu ditu HITZAk. Atzo arteko papereko 3.313 egunkarietan, 67.663 testu. 12 pasa eguneko. Interneten, horiek denak eta gehiago. Salbuespenik gabe, denak euskaraz. Erdaldunak ere euskaraz jarri ditu, gaztelaniaz leitzera irakurtzen ohituak ere euskaraz trebatu ditu hein berean. Gaur egun, irudiak testuak baino indar gehiago duela diote. Bada, GOIERRIKO HITZAk 328.828 argazkiko funtsa dauka, eta 1.951 bideo igo ditu sarera. Youtubeko kanalak 2,4 milioi ikustaldi ditu.
Zeharkako ekarpen gehiago ere loratu dira egunkariaren jatorrizko bi funtzioen gerizpean. Euskalgintzaren kohesioa bat. Hiru zutaberen gainean eraiki zuten 2004an proiektua: Goierritarrak kultur elkartea Goierritarra aldizkariaren argitaratzailea, Zintzo Mintzo euskara elkartea Urretxuko eta Zumarragako Otamotz-en editatzailea eta Goierriko 15 bat gizarte eragileren multzoa. Ordura arte, okasio oso gutxitan batutako adinako kemena norabide berean lerrokatu ditu HITZAk. Goierritarra eta Otamotz bateratuta, GoiBerri astekaria jaio zen 2012an, HITZAren enpresa beraren teilatupean.
Ikastolak, helduen euskarazko alfabetatzea, kooperatibak, 70-80etako gizarte ekimenak… esku bakarreko hatzekin konta daitezkeen beste kasu gutxi batzuen espirituak mugiarazi du eskualdeko euskarazko egunkariaren proiektua, eskalak eskala.
Eskualdea, gai eta kezkagai
Eskualdea bera gorpuzteko egitura bat gehiago ere eskaini du, bere xumean, egunkariak. Elkarren berri izateko modua eraman du sukaldeetaraino. Ordura arte mundu oso bereiztuak ziren Oria Garaia eta Urola Garaia lapiko berean goxatu ditu, Brinkola eta Koate senidetu ditu, Otsaurte eta Kizkitza. Prentsa idatzia, aitzindaria izan zen HITZA Goierriren eskualde izaera bateratua berreskuratzen, aldarrikatzen eta eraikitzen.
Gizarte kohesioa ahaztu gabe. Ez dira asko zoritxarrez jubilatuen gaiak eta gaztetxeen programazioak bateratzen dituzten guneak. Gutxiago, oraindik, ekimen instituzionaleko eta gizarte mailako hamaika arlotakoak parekatzen dituenik. Are gutxiago, kolore guztietako olioak paleta berean nahasten ausartu diren margolariak. Horietan guztietan saiatzeko sortu zen HITZA.
Eguneroko lanaren fruitua argitaratzeko zortea, kemena, aukera du HITZAk, gaurtik aurrera ere. Lorpenak, goierritarrek eta Goierrik baloratuko dituzte.
Etengabeko berrikuntzaren bidean, hobetzea erronka
Berritzeko eta hobetzeko nahi eta behar adina baliabide ez edukitzeari konpromisoarekin egin dio aurre urteotan guztiotan HITZAren lantaldeak. Hainbat erronka egia bihurtzeko lanurtea izango da 15. urteurrenekoa.
Urteurrena badatorrela. Hamabosgarrena. Iazko udazkenean egin zuen Goierriko Hitza-ren lantaldeak iristear den egunari zer trataera eman erabakitzen hasteko lehen bilera. Bosgarrenean (2009) eta hamargarrenean (2014) festa kutsua izan zuten ospakizunek, eta oraingo honek ere izaera bertsua izan behar ote zuen izan zen lehen galdera. Ezetz. Kazetariz, diseinatzailez, kudeatzailez eta komertzialez osatutako taldea dela, eta urteurrena ospatzeko modurik onena lanean jarraitzea zela adostu zen; lanean bai, baina berrikuntza iparrorratz hartuta.
Lehena eta bakarra izan zen. Aho batasuna. Indarra proiektua eta produktuak hobetzera bideratzea erabaki zuen lantaldeak, bihotz eta buru. 2017ko udazkena eragile eta harpideekin Hitza-ren proiektua partekatzeko sasoia izan zen. 2018a han jasotakoa aztertu eta ondorioak ateratzekoa. Denak taxutzeko modukoak, baina ezin guztiak garai berean garatu. Lehentasun eta baliabide kontua. Eta denborarena ere bai. Nahi izatea gauza bat da, bestea ahal izatea.
Bi webgune berritu aurten
Erronka digitalari aurre egitea lehenetsi zen. Paradigma berri horretan, ia erabat papereko edizioko lanetik bizi den hedabide bati ez zaio ari erraza egiten bi euskarrien arteko oreka aurkitzea. Berritu ala hil. Etxeko bi webgune berritzea erabaki zen –lau kudeatzen ditu guztira–, eta horien barrenean beste bi azpigune sortzea: Komunitatearen atala bat, eta HITZAkide bestea. Biak estrategikoak.Komunitatearena saretze eta kudeaketa lan mardul baten ondorioz sortutako proiektua da, HITZAkiderenak bestelako irakurketa bat dauka atzetik. Harpide digitalak sortzea du helburu, paperezko kontsumo ohituraren galerak dakartzan ondorioei aurre egin nahian. Hor kokatu behar da 2019ko hasieran abiatutako Maita dezagun ondo kanpaina.
Aurre horretantxe jarri zen martxan Hitzaren webgune berritua (goierri.hitza.eus), ordura artekoak zituen bisita kopuruak bikoiztuz. Eta udazken honetan, Urretxu-Zumarragako albisteak biltzen dituen otamotz.eus atari digitala berrituko da plataforma bera erabiliz. Aurki izango da.
Paperekoak bateragarri
Eta datorrena, 2020a, papereko bi argitalpenak –egunkaria eta GoiBerri aldizkaria– berrikusteko urtea izango da. Lantaldea ari da dagoeneko bi produktu horien eduki bateragarritasunaz hausnartzen. Luzetxo jo gabe albisterik izatea espero da.