Olaberria burdinolaren egoerak arreta eta babesa eskatzen du
Beatriz Herreras Moratinosek burdinolaren aztarnak zaindu beharra aldarrikatuko du gaur hitzaldian. Iñigo Imaz historialariak ere Olaberriaren balioa azpimarratu du
Burdinola elkarteak antolatuta, Beatriz Herreras Moratinos historialariak eta ondarean adituak Olaberria burdinola berreskuratzeak duen garrantzia azalduko du gaur 19:00etan kultur etxean.
Legazpin aintzinan hain garrantzitsua izan zen burdingintzaren lekukoa da Olaberria, eta jarduera haren aztarnak ezkutuan gorde ditu, 1940eko hamarkadan gainean jaso zituzten etxebizitzen babesean. Duela hilabete batzuk eraikinaren teilatua jausi egin zen, eta burdinolaren biziraupena arriskuan dago.
Ustezko arkeologia eremua
Olaberria ondare balio handikoa dela dio Herrerasek. Legazpiko jatorrizko burdinoletatik «hoberen kontserbatuta» dagoena da, eta «aukera handiak ditu balioan jartzeko eta bere biziraupena ziurtatzeko». Elementu garrantzitsuenak kontserbatu ditu: aldaparoa, tunel hidraulikoa, tailerra, ikaztegia eta beste eranskin batzuk. «Gaineko etxeak babestu ditu», hori bai, ia ezkutuan utzi ditu aztarnak, sotoan.
1997tik Ustezko Arkeologia Gune gisa sailkatuta dagoela gogoratu du Herrerasek. Urola arroko industria aurreko paisaiari buruz Eusko Jaurlaritzak egindako azterketan «maila goreneko babesa» ematea proposatu zutela ere azaldu du, baina Bizkaian Lea eta Barbadun ibaien babesa lortu den bezala, «Urolarena ez dugu lortu» dio penatuta.
Olaberria garrantzitsua izan da Herrerasen ibilbidean. «Aspaldian egin nuen lan hor, baina iruditzen zait bukatu gabe geratu zela, beti dagoela zer egin, eta gure arretaren zain dagoela». Gaurko hitzaldiaren helburua arreta hori bideratzea dela aitortu du, udalari ere aipamena eginez gaurko jabea da eta orokorrean, burdinolen inguruan Legazpin egon den «sugarra berpiztea».
Jabego sistemak
Iñigo Imaz historialariak ere ikertu du Olaberria; Burdinola elkartearen Txinpartak aldizkariak 2018an kaleratu zuen Familia, sociedad y poder. La transicion del Antiguo Regimen en Legazpi monografikoan dago emaitza, baita argitaratu dituen beste artikulu batzuetan ere.
Imazek, XV. eta XVI. mendeen artean lan egin zuen burdinolaren historia jaso du, mendez mende izan zituen jabego sistema desberdinetan indarra jarriz. Gipuzkoako gizartearen bilakaera islatzen dutelako.
Jabeek eurek ustiatzen zuten burdinola hasieran. Gero, euren boterea erakusteko jarduera ekonomikoen jabe egiten ziren leinu garrantzitsuen eskuetara pasa zen: Juan Lasalde, Martin Lizarazu, Angela Arriaranen maiorazkoa, Bikuñatarrak, Okendo Almirantearen ondorengoak ziren Donemiliagako Markesak, Porcel familia… Olaberriari oso lotuta egon zen, baita ere, Legazpi bertako Plazaola familia; burdinoletan kapitala inbertitzen zuen, «olagizon arrendatariak» ziren Plazaolatarrak, Imazek azaldu duenez.
Azken urteetan jabego pribatura pasa zen, eta burdingintzaren gainbeherarekin, beste jarduera batzuk hartu zituen: kartutxo fabrika, papergintza, errota,eta zerrategia, Patrizio Etxeberriaren aitak jarritakoa.