Goierriko Movember kanpaina, oztopo guztien gainetik
Gizonen osasunaren inguruan kontzientziatzeko Movember kanpaina martxan da aurten ere. Beasain, Lazkao eta Ordiziako hainbat talde eta komertziok parte hartuko dute.
Prostatako minbiziaren inguruan kontzientzia sortu eta ikerkuntzarako dirua biltzeko helburuz sortu zen Movember mugimendua. Goierri mailan, Ordizian egin zituen aurreneko pausoak, baina iaztik, Beasain eta Lazkaora ere zabaldu da. Aurten ere, “urte berezia” izan arren, kanpainari eustea erabaki dute eskualdeko antolatzaileek. Ohiko kideez gain, aurten ikasle talde bat ere batu zaie antolakuntza lanetan laguntzeko. Horiez gain, urtero parte hartzen duten sukaldari, dantzari, musikari, bertsolari, kazetari eta kirolariei ere esker ona agertu nahi izan diete.
Bibotea da kanpaina honen sinbolo nagusia. Azaroan zehar, ekintza solidario moduan, mundu osoko gizonezkoek bibotea hazten uzten dute, prostatako eta barrabiletako minbiziaren edota gizonen depresioaren inguruko kontzientzia sortu nahian. Ekintza solidario horren beste helburuetako bat, arlo horietara bideratutako ikerketarako dirua biltzea izaten da. Diru hori, Hospital del Mar institutuko Montse Ferrer doktorearen taldeak egingo duen nazioarteko ikerketa finantziatzeko erabiliko dute.
Sidneyn (Australia) sortutako mugimendu hori 2011. urtean iritsi zen Ordiziara, eta urte askoan, estatu mailako talderik aktiboenetako bat izan da. Iaztik, Beasaingo eta Lazkaoko herritarrak ere batu ziren kanpainara, eta aurten, Igartzako jauregian egin dute kanpainaren aurkezpen ekitaldia.
Azaroan ekintza ugari
Azaroan zehar, hainbat ekintza egingo dituzte Goierriko hiru herri horietan. Tabernetan itxulapikoak jarriko dituzte dirua biltzeko. Kirol taldeei kanpaina babesteko eskatuko diete, partidetan MoHerri Movember Goierriko kartelekin atera daitezen. Pintxo-biboteak ere egingo dituzte hiru herrietan: 12an Lazkaon, 19an Beasainen eta 25-26an Ordizian.
Mechandising-a ere aterako dute, eta besteak beste, kamisetak, musukoak, giltzarrapoak edota termoak jarriko dituzte salgai. Antolatzen dituzten ekitaldietan ez ezik, Ordiziako Olano eta Amonane tabernetan, eta Beasaingo Plazapen eta Erronkan ere egongo dira salgai.
Hainbat ileapaindegik ere bat egin dute ekimenarekin, eta azaroan zehar, bibotea doan konponduko diete ekimenean parte hartzen duten herritarrei. Ordiziako Irene, Manolo, Pili, Alazne eta Maider ile-apaintzaileak eta Lazkaoko Dama ileapaindegia ariko dira lan horretan.