Indar gehiagorekin dator Ahoz aho, zortzi hilabeteko etena eta gero
Biharko, larunbata, bi saio antolatu dituzte, ipuin kontaketa saioa eta magia saioa, biak hala biak Barrenan. Azaroaren 13an erabakiko dute aurtengo irabazlea
Martxoan, COVID-19agatik eten behar izan zuten Ahoz aho kontagintza jaialdia, baina bihar, larunbata ekingo diote berriz. Batetik, Ane Gebara gasteiztarrak eta Tarana Karin Tolosan bizi den azerbajandarrak, kontakizuna egingo dute, euskaraz, Ordiziako Barrena kultur etxean, 17:00etan. Bigarrena, magia saioa, euskaraz eta gazteleraz, Diego Calavia errioxarrakin eta David Blanco eta Imanol Ituño euskaldunekin. Hori ere Barrenan, 19:00etatik aurrera.
Intujai taldeak antolatuko ekimena da Ahoz aho jaialdia eta antolakuntzako May Gorostiaga ilusioz dago iltzulerarekin: «Urte berezi honetan gure jaialdia ‘upeltegian’ egon da zortzi hilabetez, eta badakigu produktu askok hartzidura-denbora hori behar dutela. Ziur gure jaialdiko ipuinak ere inoiz baino goxoagoak izango direla!»
Biharkoa eta gero, astelehenean jarraituko du jaialdiak. Odei Arregik ipuin saioa egingo du, Barrenan, 18:00etan. Horrez gain, Arregi bera, Aitor Vinagret narratzailearen laguntzarekin, Jakintza eta Urdaneta ikastetxeetara hurbilduko dira hurrengo egunetan.
Ostegunean, hilak 12, Dorleta Cortazar narratzaile euskaldunaren eta Zoa Tamara nikaraguarraren txanda izango da. Barrenan, izango da, 18:00etan .
Finala, azaroaren 13an
Ostiralean, hilak 13, itxiko da jaialdia, martxoaren 7an egin zen Narrazio Lehiaketako finalistek -Ester Poveda, Ane Arrugaeta eta Joxe Aldasoro-, euren istorioak kontatuko dituzte, eta publikoak eta epaimahaiak aurtengo edizioaren irabazlea erabakiko dute. Haiekin batera, beste narratzaile batzuk ere izango dira. Barrenan egingo dute finala, 20:15ean hasita.
Saioetara joan nahi dutenek gonbidapena eskatu beharko dute Barrenan, kultura@ordizia.eus epostara idatzita edo telefonoz 943 805 630ra deituta