Itsaso auzo udal izateko eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari
Urte amaieran udalerri bakar bihurtuko da Ezkio-Itsaso, Gorenaren ebazpenaren ondoren. Diputazioak eskaera aztertuko du.
Ezkioko eta Itsasoko udalek Itsason auzo udala sortzeko eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Abenduaren 31n utziko diote bi udalerri izateari, eta Ezkio-Itsaso udalerri bakarra izango da berriro. Aldundiak adierazi du batzorde bat jarri dutela martxan, “egoerak dakartzan ondorioak aztertu, argitu eta konpontzeko”.
Itsaso herri galdeketa baten bidez bereizi zen Ezkiorengandik, 2016an, eta aldundiak foru dekretu baten bidez onartu zuen Ezkio eta Itsaso bi udalerri independente izatea, urte berean. Aurtengo uztailean, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak foru dekretua baliogabetu egin zuen, Estatuko Administrazio Orokorraren helegitea aintzat hartuta. Epaiak dio herriak gutxienez 5.000 biztanle izan behar dituela udalerri bilakatzeko, eta Itsasok 148 biztanle zituen, 2015eko erroldaren arabera. Aldundiko iturriek esan dute “aukera guztiak landu ” dituztela, eta “muturreraino eraman” dutela auzia. Ez dago, ordea, errekurtsorako aukerarik, eta amaitu da bide judiziala. “Beraz, betetzea besterik ez zaigu geratzen”, azaldu dute aldundiko ordezkariek.
Bi udalerri egitea ezinezkoa denez, beste aukera batzuk aztertu dituzte. Auzo udal izaera lortuz gero, hainbat eskumen izan ditzake Itsasok: auzo-udal batzordea eta auzo alkatea izatea; aurrekontu propioak aurrekontu nagusien barruan sartzea; ondasunen jabe izateko, berriak erosteko eta obrak lizitatzeko ahalmena izatea; diru laguntzak eskatu ahal izatea, eta langileak kontratatzeko eskumena izatea. Diputazioak lantalde bat osatu du aukera hori aztertzeko, baina ez du baiezkorik eman: “Denon artean egin beharreko lanketa mardula eskatzen du; korapilo hau askatu ostean aztertuko ditugu bestelako aukerak”. Ezkioko eta Itsasoko udalek, berriz, abian jarri dute lehendik aktibatuta zuten jarraipen batzordea, nola lan egingo duten zehazteko. “Banatu ginenean jarri zen martxan, ordura arteko elkarlana nola banatu erabakitzeko, eta orain lanari berrekin diogu”, esan du Gorka Sasieta Itsasoko alkateak.
Hamabost egunez behin
Gipuzkoako Foru Aldundiari egindako eskaeraren emaitza jaso bitartean, Itsasoko eta Ezkioko udalbatzak hamabost egunez behin elkartuko dira egoeraren jarraipena egiteko. Halere, Itsasok oztopo nagusi bat du auzo udala sortzeko: “Baldintza gisa, 500 biztanleko muga ezartzen du aldundiak”, azaldu du Tomas Etxaniz Ezkioko alkateak.
Argi dute, dena den, Ezkio-Itsaso udalerri bakarra izango dela berriro. “Emaitzaren zain gaude, baina abendu bukaeran Ezkio-Itsaso udalerri bakarra izango da berriro, eta oraindik ez dakigu zehazki zer lanketa egin beharko dugun, ez dakigulako Itsasori auzo udal izaera emango dioten ala ez”.
Irailaren bukaeran, bi udaletako ordezkariek bilera bat izan zuten aldundiarekin, baina ez daukate informaziorik: “Hilabeteotan esaten digutenaren arabera, era batera edo bestera moldatuko gara”, esan du Etxanizek.
KRONOLOGIA
2016ko irailaren 18a
Herri galdeketa. Itsasoko herritarrek galdeketan erabaki zuten Ezkiorengandik bereizi eta berrz ere udalerri izan nahi zutela. Aldeko 88 boto eta aurkako 26 izan ziren, eta parte hartzea %85ekoa izan zen. Aldundiak abenduan eman zion Itsasori udalerri izaera, foru dekretu baten bidez.
2016ko abenduaren 20a
Itsaso udalerri. Itsaso udalerri izendatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, foru dekretu baten bitartez.
2017ko urtarrilaren 13a
Udalbatzaren sorrera. Itsasoko udalbatza osatu zuten, eta, bertan, Gorka Sasieta izendatu zuten alkate.
2017ko abenduaren 29a
Helegiteari erantzuna. Espainiako Estatuko administrazioak foru dekretuaren aurkako errekurtso bat aurkeztu zuen, Itsasok 5.000 biztanle baino gutxiago zituela egotzita, baina EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu, legitimazio prozesalik ez zuela iritzita.
2020ko uztailaren 23a
Foru dekretua, baliogabetuta. Espainiako Auzitegi Gorenak Gipuzkoako Aldundiaren foru dekretua baliogabetu egin zuen, estatuaren helegitea aintzat hartuta.
2020ko irailaren 28a
Aldundiarekin bilera. Helegitea jartzeko aukerarik gabe, bi udalek Itsason auzo udala sortzeko eskaera egin diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.