Olaberriko autobus linea publikoaren maiztasuna bikoiztea eskatu du udalak
Partaidetza prozesu batean garraio zerbitzuaren beharrak jaso dituzte, eta aldundira eraman.Lazkao-Olaberria-Ihurre-Beasain bide zirkularra proposatu dute, iluntzeko bidaiak indartuta
Olaberrian autobusen garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko hausnarketa prozesu irekia egin dute, eta ondorioak atera dituzte. Udalaren Ingurumen Batzordeak bultzatuta eta Aztiker etxeak gidatuta, lau bileratan jaso dituzte herritarren aldetik zerbitzuaz gabeziak eta proposamenak. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Lurraldebusen zerbitzua kudeatzen duen Bilman Bus enpresa esleipendunarekin ere elkartu dira. Internet bidezko inkestan, bestetik, ia ehun herritarrek parte hartu dutela esan du Aitor Urkiola zinegotzi eta batzordeburuak.
Bileretan, denetariko eskaerak jaso dituzte. Gaur egun, bi autobus linea erregularrek ematen dute zerbitzua Olaberrian: Zegama-Zaldibiak Ihurren geltokia du, eta Olaberria-Lazkao kaskoraino. «Ihurren ordu erdiroko maiztasunarekin dago, Beasainera doana edo Zegamarantz doana. Gehiago edo gutxiago, asetuta dago auzoko beharra. Herrigunea geratzen da gutxiagorekin, eta Lazkaorekin eta Beasainekin sarriago lotzeko beharra ikusi da. Herri barruko autobus zerbitzu partikularrik gabe urte batzuk badaramagu», dio Urkiolak.
Zerbitzua hobetzeaz gain, mugikortasun ereduaz gogoeta bultzatzea ere izan da partaidetza prozesuaren helburua. «Aldaketa klimatikoa dela eta, herritarrek garraio publikoa erabiltzearen garrantziaz kontzientzia hartzea edo indartzea nahi dugu», gehitu du zinegotziak.
Zerbitzu zirkularra
Jasotako behar eta kasuistika guztiak asetzea ezinezkoa izango dela aitortuta, prozesuaren memoria osoa aste honetan ondu du Aztiker etxeak. Olaberria-Lazkao-Beasain zerbitzua emango duen autobusaren maiztasuna handitzea proposatzen du. Linea berririk ezingo da sortu, duen kostuagatik.
Eguneroko zerbitzuan, hiru maiztasun gehiago jartzea proposatuko dio udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, haren eskumena baita zerbitzua. Gaur egun, Lazkaotik Olaberriara igotzeko bost autobus daude (12:30, 13:30, 14:00, 15:00 eta 16:45). Olaberritik Lazkaora jaisteko, berriz, hiru: 07:50ean (ikastolako ikasleek erabiltzen dutena), 14:15ean eta 16:50ean.
«Asmoa maiztasun hori bikoiztea da, gutxi gora-behera. Hiru bidaia gehiago jartzea proposatu da, batez ere iluntzeko zerbitzuak indartuta». Hala, Beasain-Ihurre-Olaberria-Lazkao autobusak bost bidaia egitea proposatu dio udalak aldundiari: 07:30, 12:00, 14:00, 17:15 eta 19:35ean Beasaindik irtengo dena.
Alderantzizko bidean, Lazkao-Olaberria-Ihurre-Beasain bidaia beste zortzi bidaiak osatuko lukete: 08:00, 09:30, 12:30, 13:30, 14:00, 15:00, 16:45 eta 18:30ean Lazkaotik abiatuta.
Aldundian proposamena Jokin Garmendia alkateak eta Aitor Urkiola zinegotziak aurkeztu zuten. Arlo teknikoan aztertuko du orain eskaria aldundiak, eta aste batzuen buruan erantzutekotan dira. Baldintza teknikoetan sartuz gero, «balorazio politikoa» beharko du ondoren.