100 'Aldaize' zenbaki
2004an sortu zuen aldizkaria Illati euskara elkarteak, Idiazabalgo berriak emateko eta euskaraz irakurtzeko ohitura bultzatzeko helburuz. Gehigarri berezia egin dute 100. zenbakia dela eta

Aldaize Idiazabalgo herri aldizkariak 100 zenbaki egin ditu. Urriko zenbakia izan da ehungarrena, eta prentsaurrekoa egin dute udaletxean Illati euskara elkarteak eta Aldaizeren erredakzio taldeak zenbakia aurkeztu eta herritarrei eskerrak emateko. 100. zenbakirako gehigarri berezi bat prestatu dute.
2004an sortu zuen Illati euskara elkarteak bi hilabetekaria, Idiazabalgo berriak emanez euskaraz irakurtzeko ohitura bultzatzeko helburuz. Koloretan eta aldizkari paper berezian egitea erabaki zuten: «Kalitatearen aldeko apustua egin genuen hasiera-hasieratik», adierazi dute prentsaurrekoan. 2004tik, urtean 6 zenbaki argitaratu dituzte, 1.000 aleko tiradarekin aldiro.
Aldaizeko erredakzio taldea bederatzi lagunek osatzen dute: Uxune Alustizak, Myriam Aranburuk, Iñaki Arriaranek, Anttonio Berasategik, Nera Garciak, Ane Muruak, Edurne Urrestarazuk, Jexux Urteagak eta Izaskun Vazquezek. Banaketa lana, bestalde, beste hamar lagunek egiten dute: Bittor Esnaolak, Gema Burugainek, Josebe Iparragirrek, Mari Jose Mujikak, Jose Luis Alustizak, Ane Aseginolazak, Patxi Irizarrek, Jesus Mari Garciak, Maribel Lizarazuk eta Jexux Urteagak. Borondatez egiten dute lan guztiek. Illatiren 106 bazkideek aldizkariarengan «konfiantza osoa» jarri dutela azaldu dute: «Horrek ematen digun askatasunetik aldizkari aberatsa sortzen saiatzen gara». Lantaldean ez dauden herritarren parte hartzea ere azpimarratu dute, eta eskerrak eman dizkiete: «Aniztasuna areagotzen dute zenbakiz zenbaki zerbait idaztera ausartzen diren herritar guztiek, elkarrizketatuek, errezeta goxoak proposatzen dizkigutenek», esan dute.
Aldaizeren erronka herriko etxe guztietan aldizkaria dohainik banatzea da eta, horretarako, hainbat enpresa eta erakunderen laguntza dute finantziazioan: Illati euskara elkarteko bazkideek, Idiazabalgo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Orkli, Ampo, Emun, Jaso eta Irizar enpresek diruz laguntzen dute aldizkaria aurrera eramateko. Herritarren erantzuna ona izan denez, erronka berriak aurreikusi dituzte: diseinu berria, eduki berriak eta webgunea sortzea izango da hurrengo urratsa. Oraingoz, aldizkariaren zenbaki guztiak jarriko dituzte eskuragarri Interneten.
40 orriko gehigarria
100. zenbakiaren argitalpenaren berri eman eta lortutakoa ospatzeko, gehigarri berezia prestatu dute. 40 orritan Aldaizeren lantaldea aurkeztu eta lan egiteko modua azaldu dute, bolondresei elkarrizketak eginda eta urteotatako elkarrizketatuen argazkiak jasota, besteak beste.