Oria ibaitik eta Amundarain errekatik 4,5 tona zabor atera dituzte Ordizian
Bi astez aritu dira garbiketan, Txukun Lorezaintza enpresako langileak, Ordiziako Udalak kontratatuta. Itsasora zabor gutxiago iristea da garbiketak lanak egitearen helburua
Itsasoko uretara 4,5 tona gutxiago iritsiko dira aurten, hori baita, Amundarain errekan eta Oria ibaian, Ordizian, azkeneko asteetan egin diren garbiketa lanei esker, bi ubideetako bazterretatik atera duten zaborra, pisutan. Urriaren 5ean hasi zituzten lanak Txukun Lorezaintzako langileek, Ordiziako Udalak kontratatuta, eta urriaren 23ra arte burutu zituzten lanak. Makinarik erabili gabe, eskuz erretiratu dira ertzean pilatutakoak. Emaitzak mahai gainean, Ordiziako Udalak aurrerantzean ere, urtero-urtero erreka eta ibaiko garbiketak egingo dituela iragarri du.
Herriguneetatik eta industriaguneetatik igarotzen diren erreken eta ibaien kutsadura oso kezkagarria izan da, ia toki gehienetan. Oria ibaia, kolore guztietako urak eta mota guztietako hondakinak eraman ditu itsasoraino urteetan eta urteetan. Oraindik bide luzea dago egiteko, baina, azkeneko urteetan eragile desberdinen ekimenez bultzatu diren kutsaduraren aurkako sentsibilizazio kanpainek, gizarteak pixkana-pixkana gai horren bueltan kontzientzia hartzea eragin du.
Auzolanetik abiatu zen
Duela urte batzuk, ibaiaren garbiketa auzolanean egiten zen Ordizian, herriko ikastetxeekin eta elkarteekin batera. Auzolanean egiteak, bazuen helburu jakin bat, garbiketaz harago; sentsibilizazioa, hain zuzen ere.
Baina ikusita hondakinak sortarazten duten arazoa eta zer nolako hondakinak eta zenbat ateratzen zen ikusita, lanak burutzeko enpresa espezializatu bat kontratatzeko erabakia hartu zuen udalak, duela urte batzuk.
Harrezkero, profesionalen eskutik egiten da garbiketa. Lehenengo urtean 8 tona atera zituzten, eta bigarren urtean 5,5 tona. Azkeneko bi urteetan, aspalditik zeuden egur eta burdin astunak erretiratu zituzten, eta aurten berriz, ibaitik atera den zabor gehiena arina izan da. Kilotan, aurreko urteetan baino gutxiago izan da, baina bolumenean gehiago. Ateratakoari erreparatuta, denetarik; erosketarako orgak, seinaleak, kuboak, hesiak, gurpil zatiak, aterkiak, plastikoak,…
Hamalaugarren helburua
Oria ibaiaren eta Amundarain errekaren garbiketa egin da 14. Garapen Iraunkorreko Helburua lortzeko: ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak artatzea eta modu iraunkorrean erabiltzea garapen iraunkorrerako. Ondorioz, ibaietara botatzen den zaborra murriztu egingo da eta bide batez, itsasora iritsiko den zaborra ere murriztu egingo da.