San Martin feriarik gabeko larunbata
Azaroko bigarren larunbatean San Martin Azoka egin ohi dute Zegaman, baina aurten bertan behera geratu da. Xabier Azurmendi artzainak urtero hartzen du parte ganadu erakusketan.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/11/2020-11-13-p003_f01-1200x802.jpg)
San Martin eguna izan zen herenegun, eta azaroko bigarren larunbatean San Martin azoka egin ohi da Zegaman. Aurten, ordea, bertan behera geratu da; ez da ganadu erakusketarik ez gazta lehiaketarik izango bihar.
Xabier Azurmendi artzain eta ganaduzale zegamarrak urtero hartzen du parte azokan, herriko ganaduzaleek egiten duten erakusketan. Egun berezia izaten da zegamarrentzat: «Niretzat urte osoko festarik onena da San Martin azoka». Betidanik ezagutu du azoka Azurmendik, haren aitak eta aitonak ere hartzen baitzuten parte: «Beti ezagutu dut, aitona artzaina zen eta aitak behorrekin segi zuen», azaldu du.
«Garai batean udaletxe azpian egiten zen». Orain, ordea, Urgainberri inguruan izaten da. Animalia handiak alde batean jartzen dituzte, hau da, behiak eta behorrak, eta bestetik ahuntzak eta ardiak. Eskolako aterpean artisautza lanak izaten dira salgai. Idiazabal Izendapeneko gazta egiten duten Aizkorri Aratz Parke Naturaleko artzainen arteko gazta lehiaketa ere egiten dute San Martin azokan. Frontoian izaten da hori.
Giro herrikoia izaten da goiz-goizetik: «Egiten dugun lehenengo gauza animaliak herrira jaistea izaten da». Erakusketarako prest jartzen dituzte bertan, eta gosaltzera joaten dira ondoren: «Animaliak dauzkagun gazte batzuk elkartzen gara». Feria ikusi eta, eguerdian, animaliak etxera eraman eta bazkaria egin ohi dute: «Herriko kuadrilla gehienek egiten dute San Martin azoka egunean indaba jate bat edo bazkariren bat». Arratsaldean, berriz, profesionaletako pilota partida jokatzen da frontoian. Azurmendik azaldu duenez, pilota txapelketa herrikoiaren finala ere jokatzen zen egun horretan, baina gaur egun jada ez dute egiten. Festa giroa egoten da kalean, eta inguruko herrietako jendea ere inguratzen da.
Esnea, gazta, haragia
Duela bi urte ekin zion Xabier Azurmendik gazta egiteari. 2018an heldu zion lanari eta Idiazabal gazta egiten du ordutik. Azurmendi baserrian txahalak eta arkumeak dituzte tratanteei saltzeko, eta esnea ere saltzen dute. Alarma egoerak lehen sektorean eragina izan duela agertu du Azurmendik, baina eragina gizarte osoan eman dela nabarmendu du: «Denori eman digu danbatekoa, eta azkenean kate bat da, ostalaritzak edo merkatua itxita, ez dute haragirik ez esnerik behar eta orduan baserritarrok ezin dugu saldu».
Aurten, ez da girorik egongo Zegaman azaroko bigarren larunbatean COVID-19-ak eragindako osasun egoera dela eta.