Frontenis eta mendi apustua egingo dute gaur Garmendiak eta Aldasorok
«Bazkari bat eta ohorea» egongo dira jokoan Beasaingo Ander Garmendia eta Jakes Aldasorok gaur egingo duten apustuan. Murumendira igoko dira kiroldegitik
2019ko urrian hasi ziren Jakes Aldasoro eta Ander Garmendia «bata bestea zirikatzen» gaur goizean egingo duten apustu honen bueltan. Frontenisa eta mendi igoera uztartuko dituen norgehiagoka izango da gaurkoa. Aipatu dutenaren arabera Garmendia frontenisean oso ongi moldatzen den arren, Aldasorok aldea ateratzen dio mendian.
Apustua 2019ko abenduan egiteko asmoa zuten arren, bi gazteek izandako lesio batzuen ondorioz, eta jarraian COVID-19ak sortutako egoera dela, data aldatzea erabaki zuten.
Ibilbidea
Frontenis partida Aramako frontoian hasiko da 09:00etan. Behin hau amaitutakoan, lehiakide bakoitzak bere autoa hartu eta Beasaingo kiroldegira joango dira, handik abiatuko dira Murumendira, Arrieta baserriko bidetik igota. Murumendiko postari buelta eman eta Otaño baserritik behera eginaz kiroldegira itzuliko dira.
Apustuaren baldintzak
Aitor Ormazabal beasaindarra epaile lanetan arituko den apustu honetan, baldintza batzuk ezartzeko erabakia hartu dute. Aldasororen hitzetan «sekula erraketarik hartu gabekoa» denez, 10-0 abantailarekin hasiko da frontenis partidan. Partida 30 tantotara jokatuko da, eta egindako tanto bakoitzarekin mendi bueltarako minutu bat oparituko da, horrela zehaztuz nor aterako den bestea baino lehenago Murumendi aldera.
Bestalde, Garmendiak aipatu duenaren arabera, abantaila handia atera beharko dio bere aurkariari frontenis partidan bestela Aldasorok « oso erraz» irabaziko diolako.
Ikusleak irrikan
Bi gazteek kontatu dutenaren arabera, «ikusle ugari» espero dituzte gaurko egunean, nahiz eta iragarpenaren arabera, eguraldi makurra egin. Gabon ezberdin bezain berezi hauetan «egiteko ezer gutxi» dagoenez, gazteen artean giroa jartzeko asmoz erabaki dute apustua gaur egitea.
Garmendiaren esanetan, gazte ugari izan dira apustuak egiten ibili direnak: «10euro, kaña bat… kantitate txikiak dira, baina giroa jartzea lortu dugu behintzat». Bi gazteek argi utzi nahi izan dute jende ugari bilduko den arren, uneoro errespetatuko direla segurtasun neurriak musukoaren erabilera eta segurtasun distantziak mantenduz.