Goierri osora mugitu daiteke gaurtik, herriko itxialdia kendu ostean
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osora joan daiteke inolako azalpenik eman gabe. Aurrerantzean Jaurlaritzak ez du erabiliko 500eko intzidentzia neurriak zorrozteko. Gainerako neurriak, berdin
Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko neurriak arindu ditu eta gaurtik aurrera Goierri osoan zehar mugitu daiteke askatasun osoz. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osora joan daiteke, zehazki. Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu zuen ostiralean udalerrien konfinamendua ez dela beharrezkoa gaur egungo intzidentzia tasa eta udalerrien artean «de facto» dagoen mugimendua kontuan hartuta. Euskal Herriko eremu administratiboen artean ibiltzerik ez dago, ordea.
Beste aldaketa batzuk ere jasotzen ditu gaur indarrean sartu den dekretuak. Besteak beste, Jaurlaritzak ez du 500 gaixoetako intzidentzia tasa erabiliko hemendik aurrera neurri murriztaileagoak ezartzeko. Halaber, dekretuak lehen aldiz jasotzen du COVID-19aren agerraldiren bat dagoenean baheketak egingo direla; besteak beste, transmisio komunitarioa duten auzoetan, zentro soziosanitarioetan, ikastetxeetan, etxebizitza blokeetan, kolektibo zaurgarrienetan…
Gainerakoan, berdin
Eusko Jaurlaritzak orain arteko beste neurriei eutsi egin die. Nagusiki, maskara une oro eraman behar da; ezin dira lau laguneko baino gehiagoko bilkurak egin; Ostalaritzak 20:00etarako itxi behar ditu ateak; gainerako establezimenduek, 21:00etarako; eta 22:00etan etxeratze agindua indarrean sartuko da, 06:00ak arte.
Urkulluk gogoratu zuen egoera «larria» dela oraindik eta «zuhurrena» neurri murriztaileak mantentzea direla egoera epidemiologikoa hobetu artean. Helburua intzidentzia 60 kasuetaraino jaistea dela azpimarratu zuen beste behin. 208,71 da atzoko datuen arabera.