Komunikazioa «zuzena eta argia» izan dela erantzun dio EH Bilduk Izal Bairi
Ondramuinoren gaian informazioa ezkutatzea leporatu eta gero, EH Bilduko udal taldeak erantzun egin dio Izal Bai taldeari. Gaztandegikoekin eta bizilagunekin elkartu dela eta «sortu diren kezkei eta kexei irtenbidea» eman dietela azaldu dute.
Joan den astean Izal Bai taldeak Ondramuinoren gaian informazioa ezkutatzea leporatu zion EH Bilduko udal taldeari. Epaitegiek lizentzia baliogabetzeko arrazoirik ez zegoela esan ondoren, herritarrei horren berri ez ematea egotzi zion. Idiazabalgo EH Bilduk erantzuna eman du eta komunikazioa «zuzena eta argia» izan dela esan du hedabideetara helarazitako ohar baten bidez: «Gaztandegiaren eraikuntzak eragin dien familiarekin eta bizilagunekin aurrez aurre elkartu gara hainbat alditan, lizentzia honen inguruko azalpen guztiak emateko. Alkate eta zinegotziaz gain, arkitektoak eta idazkariak ere parte hartu zuten lehen bileran».
Udalaren egitekoa gai horretan «sortu diren kezkei eta kexei irtenbidea» ematea dela adierazi dute, eta edozein zalantzarekin udaletxeko ateak irekita daudela herritarrei informazioa emateko. Gaztandegiaren gaian eramandako tramitazioarekin ez daudela «batere ados» azpimarratu dute: «Aurreko legealdian egin zen prozeduran zehar hainbat akats izan zirela argi utzi du Aholkularitza Juridikoko Batzordeak. Hasieratik argi esan genuen etxebizitzetatik gertuegi zegoela eraikuntza eta orain inguruko bizilagunak eraginak sufritzen ari dira». Horren harira, Izal Bairen jarrera salatu dute: «Izal Baik ez du gai honetan inolako interesik azaldu».