Legorretan PCR probak egingo dizkiete 40 eta 80 urte arteko herritarrei
Osakidetzak baheketa egingo du Legorretan, bihar arratsaldean. Herritarrek txanda hartu behar dute PCR proba egiteko. Emaitza, SMS bidez jakinaraziko zaie.
Hala jasotzen du Eusko Jaurlaritzak, Labi batzordearen bileraren ondoren, onartutako azken dekretuan. Koronabirus kasuek gora egiten duten herri, auzo, zentro nahiz etxebizitza blokeetan, baheketa masiboak egingo dituzte. Eta hori da, hain zuzen ere, Legorretan gertatu dena. Astebetean 11 positibo atzeman dituzte, eta eragin tasa 1.275eraino igo da egun gutxian.
Hori ikusita, Osakidetzak PCR testak egiteko deia egin die 40 eta 80 urte arteko herritarrei. Bihar egingo dute baheketa, 15:30etik 20:00etara, kiroldegian. Txanda eskatzeko Alegiako osasun zentrora (943 65 32 12) edo Osakidetzaren harretarako telefonora (900 20 30 50) deitu behar da. Test horien emaitza, SMS bidez jakinaraziko zaie herritarrei.