Nogen, Mikel Zabaltzaren ikuskaria eta ipuin musikala Lazkaon ikusgai astean
Eider Saez abeslari duen Nogen taldeak ostiralean joko du. Mikel Zabaltzaren hilketari buruzko dokumentala etzi estreinatuko dute Arerian. Lemniskataren argazki erakusketa ikusgai dago
Izurrialdian orain arte inoiz ez bezalako kultura-egitarau betea izango da Lazkaon aste honetan. Batetik, udalak martxorako iragarritako ekitaldietan gehienak egokituko dira, eta beste elkarte batzuek hornituko dute.
Dagoeneko ikusgai dagoena Lemniskata Goierriko zientzia elkartearen Matematikako Argazkien VI. Lehiaketako lanen erakusketa da. Kultur etxeko aretoan dago, ostiralera arte, 16:30etik 18:30era.
Eider Saez abeslaria kide duen Donostiako Nogen taldeak kontzertua egingo du, bestetik. Areria antzokian ariko dira, ostiralean 19:00etan. Sarrerak agortuta daude, aspaldi samarretik.
‘Non dago Mikel?’, etzi
Areria antzokian, Non dago Mikel? dokumentalaren estreinaldia da asteko beste une seinalatu bat. Ostegunean 19:00etan da emanaldia. Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamasek zuzendua, iaz Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, Mikel Zabaltza Guardia Zibilak 1985ean Intxaurrondon hil zuenetik 25 urte zirenean. Sarrera (4,20 euro) lazkao.eus-en eros daiteke.
Bi ipuin kontaketa ere izango dira. Ostiralean, 17:30ean udal liburutegian lehena. Arerian igandean 12:30ean, berriz, Hurkus eta Laika ipuina narratuko dute, musikaz lagunduta. Joxemari Iturraldek eta Bernardo Atxagak idatzia, Andoni Alemanek eta Lourdes Mitxelenak kontatuko dute. Kuraia Ensemble taldeak eta Gaudeamus koralak jarriko diote musika. Sarrera 7 euro da, eta salgai daude.