Norabide aldaketa aldarrikatu du LABek
Langileen Nazioarteko Egunaren baitan, LABek deitutako manifestazio jendetsua egin dute gaur eguerdian Beasainen
Maiatzaren lehena, Langileen Nazioarteko eguna, «norabide aldaketa bat» aldarrikatzeko baliatu du LAB sindikatuak, Aldaketa da aukera! Zaintza, lana bizitza, herria! lemapean egindako agerraldian. Ernai gazte antolakundeak ere bat egin du deialdi honekin. LABek deitutako manifestazioa Zubimusu plazatik abiatu da gaur 12:30etan, eta herriko kaleak zeharkatu ostean, herriko plazan egin dute ekitaldi nagusia.
Pandemiak, osasun krisiaz gain, «krisi ekonomiko eta soziala» ere ekarri duela adierazi dute ekitaldian: «Aldaketak ekidin ezinak eta ezinbestekoak dira, horregatik aldaketen norabidea da borrokatzen ari garena».
Bizitzak erdigunean jartzea exijitu dute, «kapitala ala bizitza» hautatu egin behar dela aldarrikatuz: «Eredu zaharretik eredu berrira trantsizioa egin behar da. Trantsizio ekosozialista eta feminista da alternatiba». LABek dagoeneko «eraldaketa» hori gauzatzeko proposamenak badituela adierazi du, eta horretarako haien Programa Sozioekonimoak jasotzen duen moduan, «Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko apustu irmoa» egingo dutela.