Urola ibaian metalezko babesak jartzea eskatu dute sozialistek
Legazpiko alderdi sozialistak Urola ibaian «metalezko babesak» jartzeko eskatu dio udalari, hondakinak ubidera heldu ez daitezen.
Urola ibaiaren 500 metro inguruko tartean «metalezko babesak instalatzeko esperientzia pilotu bat abian jartzeko» eskatu dio udalari Legazpiko talde sozialistak, ubidera hondakinak hel ez daitezen. Aldi berean, lan horiek egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen sailak kaleratu dituen diru laguntzez baliatzeko proposatu du.
Sozialistek azaldu dutenez, Aldundiak maiatzaren 31ra arte zabalik duen diru laguntza programa batean, zaborrak ibai ingurura ez iristeko elementuak jartzea jasotzen da finantzatu daitezkeen jarduketen artean. «Programa horrek Urola ibaiaren ertzetan eta gure udalerriko erreketan plastikoak ez isurtzeko sare metalikoak jartzeko behar den inbertsioaren % 75eraino lagundu lezake», sozialisten esanetan. Inguruko beste udalerri batzuk ekintza hori abian jartzen hasi direla ere azaldu dute.
Gai horren inguruan Agenda 2030 foroaren esparruan azterketa zabalago bat egitea ere proposatu dute, baita jarduketa hori «Urola ibaiaren gainerako ibilgura eta Legazpiko udalerri osoko erreketara» zabaltzeko aukerari buruz hausnartzea ere.
Udalak abenduan egindako erreka garbiketan 544 kilo hondakin jaso zirela ere gogoratu du udal talde sozialistak.