Kultur ekitaldiak herriko festak gogoan izateko
Herritarrentzako ekintzak izango dira Gabirian abuztuaren 14tik 17ra. Zeraingo Udalak produktu-sorta banatuko die herritarrei. Brinkolan kontzertuak eta San Agustin eguneko meza izango dira.
Goierriko hainbat herritan festak izan ohi dira abuztuan. Aurten ere bertan behera geratu dira jaiak herri askotan, baina beste zenbaitetan kultur ekitaldiak antolatu dituzte udalek herritarrei zuzenduta.
Gabirian Andra Mari jaiak ospatzen dituzte. Jaiak bertan behera geratu badira ere, ekintza kulturalak izango dira herritarrentzat abuztuaren 14tik 17ra bitartean. Plazan izango dira denak, eta euria ari badu frontoian. Ikusleek eserita egon beharko dute. Abuztuaren 14an bertso-saioa izango da, 19:00etan. Aratz Igartzabal, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Julio Soto, Gorka Pagonabarraga eta Ane Zuazubiskar bertsolariek hartuko dute parte. Abuztuaren 15rako, berriz, bola txapelketa antolatu du udalak egunean zehar, eta arratsaldean, 18:00etan, helduentzako Baldin bada zirko musikatua izango da. Txikienentzako Matraka ma non troppo antzerki emanaldi musikatua izango da abuztuaren 16an Jon Urrutiaren eskutik, 17:30ean, eta gauean, 23:00etan, XSakara-ren kontzertua. Abuztuaren 17an izango dira azken ekitaldiak. Ohiturari jarraituz, afari merienda egiteko aukera izango da herrigunean. 19:00etan Desgaraian taldeak kontzertua emango du, 22:00etan su artifizialak izango dira, eta 23:00etan Ibil Bedi taldearen kontzertua.
Produktu-sorta opari
Zeraingo herritarrek ere Andra Mari jaiak ospatzen dituzte. Iaz bezala, Zeraingo Udalak herriko produktu sorta bat bidaliko du etxe eta baserri guztietara festak gogoan izateko. Abuztuaren 14an banatzea aurreikusi dute. Herriko artzainen gazta eta bi sagardotegietako sagardoa banatuko dute, eta baita umeentzako gozokiak ere. Zozketa baterako zenbakia ere sartuko dute. Saridunek Iñaki Intxausti Mendarteren barazkiak jasoko dituzte.
Idiazabalgo Gurutzeta ermitan ez dute abuztuaren 15eko Andra Mari eguneko erromeriarik egingo. Zumarragan, aldiz, Meza eta Jasokundeko Andre Mari eliz barruko ezpata-dantza izango da 11:00etan, eta ondoren, 12:15ean, kaleko ezpata-dantza Euskadi plazan.
Abuztu amaieran, San Bartolome jaiak ospatu ohi dituzte Itsason eta Zegaman. Zegamako Udalak ez du ekintzarik antolatuko, ezta Itsasoko udalbatzordeak ere. Abuztuaren 24an, halere, San Bartolome eguneko meza izango da Itsasoko elizan. Azkenik, Brinkolan San Agustin festarik ez da izango. Abuztuaren 27an, baina, Rodeo taldearen, Hell Whatch taldearen eta Anker taldearen kontzertua izango da, 17:30ean geltokiko plazan. Abuztuaren 28an, San Agustin eguneko meza izango da, eta abuztuaren 29an txistulariak kalejira, 09:00etan.