400dik gorako intzidentzia den bitartean ekitaldi jendetsurik ez egiteko esan die Jaurlaritzak udalei
Astelehenetik aurrera, eta ezarrita dauden murrizketa gehienak ere arindu egingo dira.
Hamabost egun barru inauterien garaia izango da. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak agindu bat atera du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei esanez, 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia metatua gainditzen badute, jendetsurik baimentzeko ez ekitaldi. Aginduaren arabera, neurri «prebentiboak» bete ezin badituzte, «bertan behera» utzi behar dituzte ekitaldi horiek, edo «atzeratu», egoera epidemiologikoa hobetzen den arte. Langa horretatik gora daude egun udalerri gehienak. Kasu guztietan ere, «jendetzak» saihestera egin behar dela esan dute, eta horretarako ondo hautatu behar direla ekitaldi publikoak egiteko tokiak. Espazioak ondo «antolatu» behar direla adierazi dute, jan eta edanerako ahal dela aparteko tokiak bereizi behar direla. Gogoratu dute, baita ere, «kanpoan» egin behar direla ekitaldiak, ahal den guztietan.
Prebentzio neurriak betetzeko zailtasun handienak «jatea eta edatea» tartean daudenean egoten direla gogoratu du, halakoetan maskara soinean ezin baita eduki. Aireztapen egokiaren garrantzia ere nabarmendu dute, eta esan dute toki publikoetan CO2 neurgailuak erabiltzea komeni dela, horien bidez toki itxietan aireztapena ona dela bermatu ahal izateko.













