Xakean erreferente
Legazpiko Santikutz klubak hiru talde ditu lehian Gipuzkoako ligan, 12 jokalari guztira. Belaunaldi gazteak eta helduagoak biltzen dira Bikuñako lokalean. Klaseak ere ematen dituzte
Gipuzkoako liga hasi berria da, eta hiru talde ditu lehian Santikutz xake klubak. Emaitza onak lortzeko helburutik harago, partaideen aniztasuna eta xakearekiko duten ilusioa dira Legazpiko klubaren indarguneak.
Mario Gallego, Asier Imaz, Iñigo Larrea eta Joseba Urdangarin jokalari historikoek edo Xabi Garmendia eta Unai Elias gazteek belaunaldi nahasketa interesgarria ekarri diote xake elkarteari, eta kirol horrek Legazpin bizi duen une gozoaren protagonista bihurtu dira, gainerako jokalari guztiekin batera.
Era askotako jokalariak
2008an sortu zenetik, Patxi Imazek gidatzen du Santikutz xake elkartea, Manu Fonseca ondoan duela. Bikuña futbol zelaiko instalazioetan dute egoitza.
Lokalean klaseak ematen dituzte astearteetan eta ostiraletan, 18:45etik 20:00ak bitartean, asteartekoak adin guztietako hasi berriei zuzendutakoak dira, eta ostiralekoak adituagoentzako dira. On line ere ematen dituzte klaseak. Izan ere, teknologia berriek eta pandemiak aldaketak ekarri dituzte ikasteko eta entrenatzeko erara.
Bikuñako lokala inguruko xake jokalarien elkargunea da, Legazpikoez gain, kanpoko batzuk ere elkartzen direlako bertan, Urretxukoak eta Zumarragakoak batez ere. Baina urrutiagotik ere etortzen dira Santikutz klubaren babesaren bila. Nafarroatik joaten da, adibidez, Ismael Anton.
Era askotako jokalariak daude Santikutzen. Beteranoak dira batzuk, eta umetatik xakearen munduan klubean bertan hezitu diren gaztetxoak beste batzuk. Beteranoen artean, Legazpin 1980ko hamarkadan xakeak izan zuen etapa gogoangarritik erreskatatutako jokalari batzuk daude, Juan Maria Alzua edo Alberto Vesga horien artean. Eta harrobitik, azken horren seme Markel Vesga nabarmendu behar da, kadete eta junior mailako Euskadiko egungo txapelduna, eta azken urteetan bilakaera ikusgarria erakusten ari dena.
Hiru talde lehian
Santikutz xake elkarteak hiru talde ditu lehian urtarril amaieran hasi den Gipuzkoako ligan, 12 jokalari guztira, oso kopuru garrantzitsua Legazpi bezalako herri batentzat.
Preferente mailan, edo Gipuzkoako maila gorenean, Unai Elias, Mario Gallego, Xabier Garmendia eta Markel Vesga ari dira. Orain arteko ibilbidean emaitza onak lortu ditu laukoteak, eta bere taldeko bigarren postuan dago.
Lehen mailako laukoa Asier Imazek, Alberto Vesgak, Juan Mari Alzuak eta Joseba Urdangarinek osatzen dute, eta laugarren doaz sailkapenean. Azkenik, hirugarren mailakoan Ander Villanueva, Tara Dorado, Gorka Noguera eta Leire Otaegi ari dira lehian, eta bosgarren postuan daude.