Berdintasunareko bidean, batera
90 bat emakumek osatu dute Zaldibiako zirkuito morea, ttipi-ttapa. Kantuan eta dantzan amaitu dute, denak elkarrekin
Zaldibiako zirkuito morea arrakastatsua izan da. 80 bat emakume zeuden izena emanda baina azken unean animatu direnekin 90 inguru izan dira. Taldeetan banatuta abiatu dira, ttipi-ttapa, batzuk korrika eta beste batzuk, oinez. Guztiek elkarrekin amaitu dute, herriko plazan, dantzan eta kantuan.
Lilatoirik iaz egin ez zenez, Zaldibiarrak herrian antolatu ziren. Horri tiraka, aurten Ttipi-ttapa morea! martxa antolatu dute Zaldibiako Udalak eta Aske Talde Feministak. Santa Barbararaino joan eta buelta egin behar izan dute. Bost kilometro, denera.
Emakume langileen nazioarteko egunean bueltan antolatutako ekintza izan da, “feminismoaren eta emakumeon ahalduntzearen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko asmoz”. Denen aldarria dela azpimarratu du parte hartzaile talde batek, gizonezkoena eta emakumezkoena, baina martxoaren 8an protagonismoa emakumeei dagokiela. Horregatik, emakumeek kaleak hartzea garrantzitsua dela iritzi diote. Are gehiago, batera eginda. “Batera indartsuagoak gara eta lehenago lortuko dugu feminismoa”.