Goierriko Koordinadora Feministak "bizitzea merezi duen mundu bat" eskatu du
"Kriminala eta jasanezina" den ereduarekin bukatzeko antolatzeko deia egin dute
Goierriko Koordinadora Feministak elkarretaratzea egin du gaur eguerdian Legorretan, astearteko Ordiziako manifestazioaren atarian. Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean egingo dute protesta.
”Egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen gaituen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista hau kiskali nahi dugu”, ohartarazi dute. “Jendartearen zati handienarentzat, eta bereziki emakumeontzat zein sexu-genero disidenteontzat, kriminala eta jasanezina den eredu honekin bukatu nahi dugu”. “Den-dena” erraustu, funtsean, “bizitzea merezi duen mundu bat eraikitzeko”.
“Feminismoa da bidea”, esan dute, “feminismo askotarikoa eta emakume guztioi irekia”. Horregatik, batasuna aldarrikatu dute. “Ezinbestekoa da”, gaineratu dute. “Jendarteak indibidualismorantz bultzatzen bagaitu ere, guk lan kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu. Urtez urte erakutsi baitugu elkarrekin geldiezinak garela”.
Martxoaren 9an ere borrokan jarraitzeko eskatu dute. “Ez gaitezen egun solte honetan geratu. Antolatu gaitezen dena aldatu eta kaleak, plazak, txokorik txikienak… borroka feministaz betetzen jarraitzeko, denak aske izan arte”.
Eskakizunak: |
|
1. |
Atzerritartasun legearen derogazioa. |
2. |
Bizitzak erdigunean. |
3. |
Zaintza sistema publikoa, doakoa eta integrala. |
4. |
Enplegu duina eta kalitatezko pentsio publikoa exijitzen dugu. Arrakalarekin amaitzea. |
5. |
Kapazitsimoari, ez. |
6. |
Ez dugu onartuko emakume bakar bat gehiago eraila izatea. |
7. |
Faxismoak tokirik ez duen jendarte bat. |
8. |
Planetaren suntsiketa geldituko duen beste produkzio eta kontsumo eredu bat. |