Iñarra eta Aranguren izan dira azkarrenak
Usurbe proba esprintean amaitu da gizonezkoen mailan. Emakumezkoetan ia bi munutuko aldea lortu du Arangurenek
Kadete mailako Gipuzkoako egutegia Beasainen abiatu da, gaur. Mikel Etxeberriaren omenezko Usurbe Proba jokatu da goizean. Beñat Iñarra bergararra eta Irati Aranguren andoaindarra izan dira azkarrenak. Iñarrak mendiko sailkapena ere irabazi du, Olaberriko gainean bera izan baita lehendabizikoa.
Igoerak, ordea, ez du tropela apurtzeko balio izan eta dozena bat txirrindularik esprintean jokatu dute garaipena. Goierri Zatika Goifiber taldeko Oier Urkiolak urrutitik ekin dio, eta ezin izan dio abiadura eutsi eta bigarren amaitu du. Ander Otegi Caja Rural Ikolan Beasain taldeko txirrindulariak osatu du gizonezkoen podiuma. Ordubete justu behar izan dute 40 kilometroko ibilbidea osatzeko.
Emakumezkoetan aldeak handiagoak izan dira. Aranguren bakarrik helmugaratu da, Intza Navarrorekiko eta Irati Mitxelenarekiko 1:42ko aldearekin.
Amets Mujikak (Caja Rural Ikolan Beasain) tarteko helmugak bereganatu ditu eta Fundibide Esselle Sebalek irabazi du taldekako sailkapena.