Zilarrarekin konformatu behar
Lapkeko eta Tartaloetxeko bikoteek galdu egin dituzte senior eta maila nagusiko finalak, Zumarragan
Lapkeko eta Tartaloetxeko bikoteek ezin izan dute Euskal Ligako binakako txapelketa txapela irabazi. Lazkaotarrek, senior mailan, 22 eta 7 galdu dute Lemoaren aurka; zegamarrek, maila nagusian, 22 eta 13, Tolosaren aurka.
Tartaloetxeko Sukia-Elizegi bikotea 9 eta 0 eta 11 eta 1 hasi da galtzen. “Ez dut uste horren gaizki hasi garenik, baina akats batzuk egin ditugu eta beraiek zorte apur bat izan dute eta joan egin zaizkigu”, esan du Elizegik. “Penatan nago. Ez dut uste gutxiago izan garenik baina hasierako aldea ezin izan dugu irauli”, gehitu du Sukiak. Egiari zor, partidaren bigarren erdia parekatuagoa izan da: 15 eta 12 ere jarri dira. “Irabazi genezakeela ikusi dut” aitortu du aurrelariak. “Tanto erabakigarrietan ez dugu asmatu eta aurkariek ez dute barkatu”, azaldu du besteak.
Saria, txapelaz eta dominaz gain, AEBtara bidai bat zen. Elizegi ozeanoaren beste aldetik etorri berria da, iaz berak irabazi baitzuen. “Esperientzia latza izan da, oso ona”, gogoratu du. “Pilotan, afizionatuen mailan, irabazi daitekeen saririk onena da”. San Frantziskon izan dira, hango euskal diasporarekin. Bikotea penatan gelditu da, ezingo dutelako Estatu Batuetan jokatu.
Zorterik ez
Irribarria-Erle Lapkeko bikoteak ez du finalaurrekoan izandako zortea lagun eduki. Aurkariak nagusi izan dira hasieratik eta gozakaitz aritu dira. Halere, “gustura” amaitu dutela aitortu dute.
Emakumezkoetan ez da ezustekorik izan. Arrizabalaga-Gaminde bikotea zen faborito eta 22 eta 6 irabazi diote Oñatiko Etxegarai-Oses bikoteari.
Zumarragako Beloki pilotalekuko harmailek itsura polita hartu dute. Zaleek, kantuan, giro aparta jarri dute, kiroltasunez beti ere. Antolatzaileek esker oneko hitzak izan dituzte ikustera eta animatzera hurbildu diren guztientzat.