Herri danborradaren antolatzaileak errelebo bila dabiltza
Maiatzaren 2ko gauean aterako da danborrada, bi urteren ondoren. Entseguak atzo hasi zituzten.
Legazpiko Santikutz jaietako ekitaldirik jendetsuena da herri danborrada partaidetzari dagokionez, eta horretaz harro daude antolatzaileak. 2005ean heldu zion antolaketari oraindik lanean ari den taldeak, eta ekitaldi hori berrindartzea lortu zuten. Azken urteko datuak ikusi besterik ez dago, 400-bat legazpiar atera zirelako 2019an danborrak edo kupelak jotzen, musika bandan edo figurante moduan.
Baina antolatzaileak lan hori uztekotan dira, eta datorren urteari begira errelebo bila hasi dira. Horregatik egin dute deialdia partaideen artean, ea norbait animatzen den herriak hain gustuko duen ekitaldia mantentzen. Lagundu nahi duenak entsegu egunetan izena eman besterik ez du egin behar, edo telefono zenbaki hauetara deitu: Floren (645 005 847) edo Mikel (688 764 897).
Herri danborradaren hurrengo entsegua ostiralean da, hilak 8, eta gero, hilaren 12an, 19an, 22an eta 26an izango dira, 20:00etan, Haztegiko pilotalekuan. Entsegu orokorrak apirilaren 28an izango da, 21:00etan, Domingo Agirreko pilotalekuan, Legazpi Musika Bandarekin.