'Menuk' dantza Beasaingo txokoetara eramango du
Dantzaz konpainiaren Menu ikuskizunak dantza Beasainen barrena barreiatuko du, bihar. Izan ere, hori da espektakulu honen berezitasuna: dantza oholtza batean egin beharrean kalean egiten dute, han eta hemen, ikusleen maila berean. 18:00etan hasiko dira eta bost geldialdi egingo dituzte, erdigunean eta Erauskin plaza inguruan.
Ikuskizunean bost dantzari profesional hasiberrik hartuko dute parte. Izan ere, Dantzaz dantza munduan lehen enplegua lortzeko plataforma da.
Dantza Zirkuituko parte
Dantza Garaikidearen Zirkuituko lehen geldialdia izango da. Beste lau etorriko dira atzetik. Datorren astean hurrengoa: Hika Teatroaren Gazte emanaldia eskainiko dute Bideluzen.
Zirkuitua duela hemezortzi urte sortu zen, formatu txiki eta ertaineko sorkuntza berriak aurkezteko gune egonkorrak sortzeko helburuarekin. Horrez gain, ikusleak horrelako proposamenetara erakartzeko antzokiak egiten ari ziren ahalegina babestu nahi izan zen.
Beasain da zirkuitura atxikitako Goierriko herri bakarra. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 35 herri daude saretuta.













