Argi-kateak elkartu ditu Pirinioen bi aldeak
Gure Eskuk eta ANCk deituta, erabakitzeko eskubidearen alde ekimen ikusgarria egin dute milaka lagunek, Pirinioetako 300 tontor argiztatuta. Goierritar ugarik parte hartu du. Zumarragan babes ekitaldia egin dute.
Pirinioetako mendikatea argu-kate bihurtu dute bart, Pirinioetako Bidea erabakitzeko eskubidearen aldeko ekintza ikusgarrian. Euskal Herriko eta Kataluniako milaka herritarrek parte hartu dute, eta denera 300 tontor inguru argiztatu dituzte. Goierritik 280 bat lagun joan dira Atzurdi, Mendaur, Oteitzoian, Ekaitza eta Zipuru mendietara.
Deitzaileen arabera, Europa mailan sekula egin den “izaera politikoko ekintza artistikorik handiena” izan da. Amalur Alvarez Gure Eskuko bozemaileak ere, “egun berezia, emozioz betea eta gure gogoan gordeko duguna” izan zela azaldu zuen. “Mendiko argi bakoitza izar bat da, gure herrien askatasunerako eta burujabetzarako bidea argitzen duena”.
Urretxu-Zumarragatik ere, babesa
Santa Isabel eguna izanda, Urretxu eta Zumarragako Gure Eskuko kideek herrian bertan egin zuten Pirinioetako Bidea ekimena babesteko ekitaldia, atzo. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak L’estaca eta Gure Eskuren ereserkia jo zituen, Iburreta tabernaren kanpoaldean. Bengalak piztu zituzten eta hainbat herritarrek linternen argiekin lagundu zieten.