Banketxeen atarietara eraman dute protesta Goierriko Pentsiodunek
Beasaingo zazpi entitateen atarietan egin dituzte protestak, "praktika txarrak" salatzeko.
Astelehenero egiten duten bezala, gaur ere, protesta egin dute Goierriko Pentsiodunek “pentsio duinak eskatzeko”, baina, ez dute ohiko elkarretaratzea egin; Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako deialdiarekin bat eginez, banketxeen atarietan egin dituzte protestak. Beasainen, zazpi entitateen aurrean salatu dituzte “bankuen praktika txarrak”.
Azken hilabeteotan, banketxeen praktika txarrak salatzeko eta horren aurrean konponbideak eskatzeko mozioak aurkeztu ditu pentsiodunen mugimenduak Euskal Herriko udaletxeetan. Hego Euskal Herriko 187 udaletxetan aurkeztu dute mozio hau. Goierrin, 12 udaletxetan aurkeztu dute: Ataunen, Idiazabalen, Ordizian, Seguran, Urretxun, Zaldibian eta Zegaman udalbatzen babesa jaso du; Beasainen, Lazkaon eta Zumarragan ez zuen udalbatzaren babesik jaso; eta Legorretan eta Ormaiztegin mozioa aurkeztu dute eta laster eztabaidatuko dute osoko bilkuran.
“Oraindik aldaketak behar dira”
Gaur egin duten protestekin zabaldu duten mezuaren arabera mozioak aurkezten hasi zirenetik hainbat aldaketa egon dira, “baina oraindik, zerbitzuak ez dira behar bezala ematen, bai jardunbide txarrengatik, bai zerbitzua ematean izandako murrizketen iraupenagatik”. Gaia “hobetu” egin dela diote, esate baterako “ordutegiak, aurrez aurreko arreta,…”, baina beste batzuetan berdin jarraitzen dutela salatu dute: “Ez zaie erantzun landa eremuei eta hiriburuetako auzo periferikoei, komisioak kobratzen jarraitzen dute, Kutxazain automatiko eta bulegoak isten jarraitzen dute, eta oinarrizko kontuak sinatzeko erresistentzia erakusten dute, besteak beste”.
Gauzak horrela,lanean jarraituko dute pentsiodunen eskaerak “erakunde guztiek aintzat har ditzaten”. Gauzak horrela, mozioa herri guztietara eramango dute.
Era berean, kreditua eta aurrezkia sozializatzeko tresna gisa “banka publiko bat” garatzeko beharra ikusten dute.

















