Beasaingo Garagardo azokarako protokoloa aurkeztu du Goierriko Neska Gazteak taldeak
Irailaren 29an, 30ean eta urriaren 2ean euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko garagardo azoka antolatu dute, Beasaingo Loinazko San Martin plaza azpian. Goierriko Neska* Gazteok Beasaingo Garagardo Azokako antolatzaileekin batera, hiru egun horietan martxan egongo den erasoen aurkako protokoloa jarriko dute martxan.
LoIrailaren 29, 30 eta urriaren 1ean euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko Beasaingo garagardo azoka antolatuko dute Loinazko San Martin plaza azpian. Hiru egun horietan mota ezberdinetako 30 garagardo ezberdin dastatu ahal izango dira 18:00etatik aurrera. Larunbat gauean gainera, DJ Fulanak girotuko du giroa. Goierriko Neska * Gazteen esanetan, “tamalez ohikoa izaten da egunero pairatzen ditugun erasoak festa guneetan areagotzea. Horri aurre egiteko, Goierriko Neska* Gazteok Beasaingo Garagardo Azokako kideekin batera, hiru egun horietan martxan egongo den erasoen aurkako protokoloa jarriko dugu martxan”.
Protokolo hori edozein eraso “matxista, sexista, xenofobo edo arrazista” jasaten duen edonori laguntzeko diseinatua izan da. “Hau burutzeko, lanean egongo garen emakumeok* besoko morea eramango dugu. Erasorik ikusi eta pairatu duen edonork haiengana jo beharko du eta hauek protokoloa aktibatuko dute”.
Gaurko prentsaurrekoan argi utzi nahi izan dute, “kolore, sexu, arraza zein genero ezberdinetako pertsonak eroso eta aske senti daitezen lan egingo dugula. Beraz, erasotzaile, ez zaitez etorri, ez zara ongi etorria!”.
Azkeneko mezua, gizonezkoei bidali nahi izan die: “Zuen inguruan ematen diren erasoei erantzuteko ardura zuena da. Komentario desegokiak, iraingarriak, jarrera desatseginak edo erasokorrak egiten dituena laguna bada ere, erantzuteko ardura duzue edo bestela konplize izatea erabakiko duzue”.












