Gipuzkoako paleta larruz txapelketaren hirugarren jardunaldia jokatu dute asteburuan. Lehenen eta bigarren mailako bikoteek lortu dituzte garaipenak. Nabarmentzekoa izan da, hirugarren mailako bikote gazteak egindako lana.
Aurrera doa Gipuzkoako Txapelketa paleta larruz modalitatean. Hirugarren jardunaldia jokatu dute asteburuan. Oianguko palarientzat, gauzak ondo hasi baziren ere, okertzen joan zen. Jokatutako zazpi partidetatik, hiru irabazi dituzte. Garaipen kopuruaz harago, klubak egiten duen balorazio orokorra “positiboa” da. Txapelketaren ekuadorrera iritsita, nabarmentzekoa, batetik, klubeko gazteek “partidei aurre egiteko eta entrenamenduetan hobetzeko erakusten hari diren grina”, eta bestetik, bigarren eta lehen mailako bikoteak “zoriondu”, lortu dituzten emaitzengatik. Hori esanda, ondorengoak dira asteburuak utzi dituen emaitzak:
Ostegunean, etxean, Olaberriko pilotalekuan, bigarren mailako Oiangu2 bikoteak, EPLEko bikotearen aurka lortu zuten garaipena. Roperok eta Garridok, 35-27 irabaztea lortu zuten.
Ostiralean, lau partida jokatu zituzten, etxean guztiak. Hirugarren mailako Oiangu2-ko bikoteak (Gonzalez-Samaniego) ezin izan zuen lehen garaipena eskuratu. Andoaingo aurkariak gehiago izan ziren eta Ordiziarrak aurreko partidetan baina hobeto jokatu bazuten ere, 18an gelditu ziren.
Jarraian, bai, lehen mailako Oiangu2 bikoteak (Ibarguren-Olaran) garaipen garrantzitsu bezain zaila lortu zuen Errepalakoen aurka (35-32).
Nabarmentzekoen artean, hirugarren mailakoek egindakoa; markagailua aldeko izan ez bazuten ere, maila altua erakutsi zuten. Oiangu3ko bikoteak (Larrarte-Elorza) partida lehiatua jokatu zuen Debako bikotearen aurka, eta pena, baina garaipena ihes egin zien; 35-33ko emaitzarekin galdu zuten. Gazteak dira oraindik, 17na urte dituzte, eta Gipuzkoako txapelketan lehiatzen duten lehen aldia da. Hori guztia kontutan hartuta, goraipatzekoa da egiten ari diren lana.
Notizia pozgarria, bigarren mailako Oiangu1-eko bikoteak (Otegi-Agirre) ekarri zuen. Premiazkoa zuten garaipena eskuratzea, eta baita lortu ere (35-24). Donostiako Altzatarrakoen aurka jokatu zuten.
Larunbatean jarraitu zuen pala festak, Andoainen. Bertan, lehen mailako Oiangu1-eko bikotea (Irastorza-Andonegi) ezin zitzaien gailendu etxekoei. Partida erdira arte, puntuetan berdinduta mantendu ziren arren, amaieran etxekoak izan ziren nagusi.
Eta igandean, asteburuko azken partidan, Azpeitiako Izarraitz pilotaleku luzean neurtu zituzten indarrak hirugarren mailako Oiangu1 osatzen duen bikoteak (Naldaiz-Etxeberria). Aurkari gogorrak izan zituzten aurrean, eta ezin izan zituzten 24 tanto baina gehiago egin.