Koldo Zubeldia idazle zaldibiarra hil da
Poesia idatzi zuen, batez ere. Zaldibiako eta inguruetako lekuak, gertakariak eta hausnarraldiak eraman zituen hitz neurtuetara. Autoedizioaren bidetik, 2005ean argitaratu zuen lehen liburua, 'Alamartxo ahantzia'. Azkena, eta bere bederatzigarrena, 2020an.
Koldo Zubeldia Mendizabal zaldibiar idazle eta poeta hil da. Igandean eman zuen azken hatsa, 66 urterekin. Gaur, astelehena, 17:30ean egingo diote hileta, Zaldibiako Santa Fe elizan.
Euskaltzale sakona, literaturan eta kazetaritzan utzi du sorkuntza uzta. Poesia landu zuen, batez ere, barne sentimenduen bideratzaile. Bederatzi liburutan argitaratu zituen ehunka olerki, sarri antologiatan bildu eta berrargitaratuak.
Autoedizioaren bidetik atera izan ditu liburuak. Lehenbizikoa, 2005ean, Alamartxo ahantzia (Erroteta). Sentimenduen erresuma (2007) eta Ehotako fantasien errota (2008) eman zituen jarraian. Ordura arteko 25 urteko ibilbidearen emaitza Antologia poetikoa 1984-2009 liburuan atera zuen, 2009an.
Azken urteotan, Elizalde jaiotetxeko idazmahaitik osatu zituen Aralar, gogoko iturri (2011), horren maitea zuen mendiari buruz; Antologia II (2013), Harriaren tasunak (2017), edota inoizko bildumarik lodiena, Bederatzigarrena bederatzi (2020), 300 olerki baino gehiagorekin.