Beasain eta Ormaiztegi artean 'bypass'-ean ibili beharko da gaurtik astelehenera
Bidegi azken errodadura geruza zabaltzen hasiko da A-636 errepidean. Gaurko 20:00etatik asteleheneko 13:00ak arte iraungo dute lanek.
Bidegi foru agentzia Beasain eta Ormaiztegi artean egiten ari den A-636 autobideko zorua birgaitzeko lanak azken fasera hurbiltzen ari dira. Gaur, ostirala, urriak 14, 20:00etatik asteleheneko 13:00ak arte, 2,7km-ko zatia asfaltatuko da 0 kilometrotik 2,700era. Bigarren zatian, 2,700 eta 5,200 kilometroen arteko tartea egingo da igandeko 19:00etatik asteleheneko 13:00ak arte. Hori dela eta, erreiak itxita egongo dira eta zirkulazioa Beasain noranzko erreietako batean prestatutako pasabidetik desbideratuko da.
Lanak gauzatzeko, ostiralean 20:00etan N-I eta A-636 errepideen arteko 417B lotunea itxiko da Donostia noranzkoan, eta halaber, larunbateko, 00:00etan N-I eta A-636 errepideen arteko 418 lotunea itxiko da, Gasteiz noranzkoan. Bi itxierak larunbateko 08: 00ak arte mantenduko dira. Itxita egongo dira, halaber, azpiestazio elektrikoaren pareko errotondaren 3. lotuneko sarrera-irteerak, larunbateko 07: 30etik 17:30era eta igandeko 19:00etatik asteleheneko 05:00etara. Irizarreko biribilgunearen lotunea ere , 5,000 kilometro puntuan itxita egongo da igandeko 19:00etatik asteleheneko 13:00etara. Biak Ormaiztegin. Alternatiba gisa, Bergarako noranzkoan Ormaiztegira doazen ibilgailuei GI-2632 errepidea erabiltzea gomendatzen zaie.
Urriko lanen jarraipena
Eragiketa hau urriko lehen asteburuan egindakoaren jarraipena da, orduan zabaldu baitzen zoru berria Beasainerako noranzkoan. Orduan bezala, oraingoan ere 100 langile inguruk hartuko dute parte. Horiekin batera 47 kamioi, transferentzia-silo bat, errodadura-geruza berriaren 3 zabaltzaile makina, 4 trinkotzailek eta seinale horizontalak margotzeko 2 makina arituko dira.
Zoruaren egitura birgaitzeko proiektuak 4.117.295 euroko aurrekontua du, gehi BEZa, eta 7 hilabeteko egikaritze-epea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, Bidegik autobidearen erabiltzaileek sortutako funtsekin egingo dio aurre inbertsioari.