Ehunka ume erreleboka korrika
Igartzako Monumentu Multzoaren inguruan ariko dira korrika bihar Goierri beheko eskola umeak. Lauko taldetan ariko dira, 212 talde osatuta. Bealak taldeak antolatutako ekitaldia da.
Beasaingo Bealak lasterkari taldeak antolatzen dituen urteroko lasterketetan azkena jokatuko da bihar, Igartza Monumentu multzoaren inguruan osatutako zirkuituan. Goierri beheko eskola umeak, mailaz maila, lauko taldeak osatuta, eskuz esku lekukoa igaroz, 11. errelebo lasterketan ariko dira.
Goizean goizetik, korrikalari gaztetxoek eta gurasoek hartuko dute Igartza aldea. Lehenik, 09:00etan, alebin mutilen txanda izango da; 10:15ean hasiko da alebin nesken proba; 11:30ean, benjamin nesken txanda izango da eta ordubete beranduago, 12:30ean, benjamin mutilena.
212 talde launaka
Lauko 212 talde, 800 korrikalari pasak hartuko dute parte errelebo lasterketan. Benjamin mutiletan izango da parte hartzaile kopururik handiena. Lauko taldeetan, eskuz esku lekukoa pasatuz osatu beharko dute ibilbidea. Handienek bi itzuli eman beharko dizkiete zirkuituari, korrikalari bakoitzak 240 metro eginez; eta txikienek itzuli bat, bakoitzak 120 metro eginez. Amaieran korrikalari guztiek txokolate beroa izango dute sari. Garrantzitsuena, parte hartzea baita.