Zapi Janztea bertso saioak eta kuadrilla egunak jarriko diete azken puntua festei
Lau bertsolari ariko dira gaur, Udazkeneko Zapi Janztea bertso afarian. Santa Fe jaien egitaraua kuadrillek bihar itxiko dute. Lurraldebusek autobus zerbitzu berezia jarri du, bihar gauerako.
Bi jardunaldi besterik ez zaizkie geratzen Zaldibiako aurtengo Santa Fe jaiei. Egitarauan txertatu duten Udazkeneko V. Zapi Janztea bertso-afaria izango da bat, gaur gauean; eta kuadrillen eguna, bihar.
Lau bertsolarirekin, Zubiburu elkartean izango da bertso saioa. Txartela erosi dutenek afaria egingo dute lehenbizi. Ondoren, 22:30ean, saioa hasiko da. Entzuleen botoz aukeratuko dute irabazlea; buruko zapia lotuko diote eta 2023an ere gonbidatuko dute. Iaz Nerea Ibartzabalek irabazi zuen.
Bihar, kuadrillen eguna sega saioarekin hasiko da, 11:30ean, Mugertzako zelaietan. 13:00etan aterako dira, Jundajo txarangarekin. Bazkaria, jokoak, kalejira eta Trikidantz taldearen erromeria (23:00) daude gero, eta igande goizaldean Lasko txaranga.
Autobus zerbitzu berezia
Lurraldebusek autobus zerbitzu berezia jarriko du, larunbat gauerako. Ormaiztegi-Zaldibia bidea 23:30ean eta 01:00etan hasiko du batek; Beasainen eta Ordizian ere geratuko da. Beste ibilbidea, Ataun-Lazkao-Beasain-Ordizia-Zaldibia da; 00:35, 02:30 eta 04:10ean abiatuko da Ataundik; lehenengoa Ormaiztegiraino joango da.
Zaldibian, itzulerako autobusak, berriz, 23:55ean, 01:35ean eta 03:15ean abiatuko dira. Zaldibia-Ordizia-Beasain-Ormaiztegi-Lazkao-Ataun egingo du.
EGITARAUA
Gaur, urriak 14
- Zer. Udazkeneko V. Zapi Janztea, bertso afaria.
- Tokia. Zubiburu elkartean.
- Ordua. Afaria 21:00etan (28 euro) eta saioa 22:30ean. Txartelak agortuta daude.
- Bertsolariak. Eneko Araiztegi Korta, Amets Artzallus, Nerea Ibartzabal eta Onintza Enbeita.
Bihar, urriak 15. Kuadrillen eguna
- 11:30. Sega saioa Almitza sega elkartearen eskutik, Mugertza baserriko zelaietan.
- 13:00. Kuadrillen irteera Jundajo txarangarekin, herrian zehar.
- 13:30-14:30. Kuadrillen photocall-a.
- 14:30. Kuadrillen eguneko bazkaria, plazan.
- Ondoren. Kuadrillen arteko jokoak eta ilundu arteko kalejira herrian zehar, Jundajo txarangak giroturik.
- 23:00. Trikidantz taldearen emanaldia.
- Igande goizaldeko 06:30etik 08:30era. Lasko txarangarekin kalejira.
- 08:30. Txokolate jana eta gaupaseroen argazkia, 2022ko festei amaiera emateko.