Zubikoetako autokarabanen aparkalekuaren araudia, onartuta
Atzo argitaratu zuten iragarkia aldizkari ofizialean, eta gaurtik indarrean izango da. Ataunen erroldatutako karabanek eta autokarabanek izango dute lehentasuna.
Ataunen udalak Zubikoeta industrialdeko orube batean prestatu duen karabanen eta autokarabanen aparkalekuaren erabileraren araudia behin betiko onartuta geratu da. Atzo argitaratu zuten iragarkia aldizkari ofizialean, eta gaurtik indarrean izango da.
Batetik, azken urteetan «nabarmen» ugaritu diren autokarabana eta karabana kopuruak udalerrian sortzen dituen epe luzeko aparkaldiak eta espazio arazoak konpondu nahi ditu Zubikoetako eremuak. Udal ordenantzaren arabera, kaleetan ezin da aparkatu ibilgailu-motorretik bereizitako atoi edo erremolkerik, autobusik, traktorerik, karabanarik eta 3.500 kilotik gorako ibilgailurik. Autokarabanak bai, baina hamabost egun segidan ezin da leku bat hartu.
Zubikoetako aparkalekuari dagokionez, udalak urtero egingo du esleipen deialdia. Plazak ez dira finkoak, eta libre dagoen tokian utzi beharko da. Urteko tarifa 365 euro gehi BEZa da. Karabana edo autokarabana Zubikoetan utzi nahi dutenek udaletxean egin behar dute eskaera, urriaren 28a baino lehen.
24 toki
Guztira, 24 aparkaleku egokitu dituzte, eta horietatik hamabi karabanentzat gordeko dituzte (denak beteko ez balira, autokarabanentzat). Deialdia egindakoan, herrian erroldatutako karabanek eta autokarabanek izango dute lehentasuna.