Hasi da Segurako dantza festa
Eguerdian hasi da Dantza Eguna, herriko plazan ehundik gora herritarrek dantzatu duten polkarekin. Aukeran dantza taldeak emanaldia egin du ondoren, eta herri bazkaria etorri da gero. Arratsaldean, Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko da Baratze pilotalekuan.
Dantza Eguna da gaur Seguran, eta herritarrak plazan elkartu dira egunaz gozatzeko. Eguerdian jarri dute hitzordua, ohi bezala polka erraldoia dantzatzeko. 100dik gora segurarrek dantzatu dute polka, batez ere haurrek eta emakumeek, oso gizon gutxi zegoelako.
Ondoren, Aukeran Dantza Konpainiaren emanaldia izan da plazan bertan. Edu Murumendiarazek zuzendutako Hurrengo geltokia ikuskizunaren zati bat eskaini dute. Bitartean, Beasaingo Txindoki institutuko Segurako ikasleak tortila patata pintxoak saltzen egon dira, ikas-bidaiarako dirua lortzeko helburuz.
Goizari amaiera eman ondoren, herri bazkarian elkartu dira segurarrak Erreboteko karpan. Bazkalostean, 15:30ean, Azpilla dantza elkarteak flashmob-a egingo du plazan.
Dantza Eguna 2016tik egiten den festa da, eta pandemiaren eraginez bi urtez bertan behera utzi behar izan badute ere, aurten berreskuratu dute. Bosgarren edizioa da.
Arratsaldean, dantza txapelketa
Arratsaldean izango du jarraipena Dantza Egunak, Euskal Herriko Dantza Txapelketarekin. Txapelketak 46. edizioa du aurten, eta ohi bezala, Baratze pilotalekuan jokatuko da, 18:00etan hasita, Euskal Herriko dantzari onenen partaidetzarekin.
Aurtengo edizioan bederatzi bikotek parte hartuko dute. Dantzariek zortzi pausoko Fandangoa dantzatu beharko dute, Isilkara txistulari taldearen musikaz lagunduta, eta Arin-Arina gero, Estanga anaia-arreba trikitilarien doinuarekin. Saioaren atsedenaldian Aukeran dantza taldeko kideek dantza egingo dute berriz ere.
BIKOTE PARTAIDEEN ZERRENDA
1. Maren Galvez-Gorka Granado (Lezo-Sopela)
2. Katerin Artola-Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo)
3. Leire Urrestilla-Iker Urrestilla (Zestoa)
4. Ane Jaunarena-Endika Osa (Lezo)
5. Elaia Elortza-German Aranburu (Azpeitia)
6. Alaia Amubieta-Amets Amubieta (Azpeitia)
7. Irati Uzkudun-Ekain Uzkudun (Zestoa-Azpeitia)
8. Saioa Murgiondo-Julen Galarraga (Bergara)
9. Nora Aizpuru-Iker Zabala (Azpeitia)
*Beltzez, bikote bakoitzak ordezkatuko duen herria.