Zikloturistak abiatu dira
Beasaingo Txirrindularia-La Ciclista Goierri zikloturista martxa goizeko 9etan abiatu da Loinazpe institutu aurretik, 264 partaiderekin, horietatik 102 emakumeak. 40 eta 80 kilometroko bi ibilbide dituzte aukeran.
Erronka Bila taldeak antolatutako Txirrindularia-La Ciclista Goierri zikloturista martxa hasi da. Goizeko 9ak pasata atera dira txirrindulariak Loinazko institutu paretik Ordizia aldera, German Urteagak bertsoekin ongi-etorria egin eta gero. Partaideek 40 eta 80 kilometroko bi ibilbide dituzte aukeran, biak Goierriko errepideetan zehar.
Martxak 264 partaide elkartu ditu, horietatik 102 emakumeak. Antolatzaileak oso pozik agertu dira deialdiaren erantzunarekin, batez ere emakumeen partaidetza ikusita, “espero genuenaren bikoitza” delako.
Emakume horien artean 1 zenbakidun dortsalarekin atera da Mari Carmen Diaz de Lezana (Orduña, 1943) bizkaitarra. Martxako emakumerik beteranoena da, eta Leire Artola alkateak opari bat eman dio bizikleta gainean abiatu aurretik. Diaz de Lezana bere bilobarekin etorri da Beasainera martxa honetan parte hartzera.