Jendetza Ataungo VI. Ohitura Zaharren Egunean
Jendetza elkartu da Ataungo VI. Ohitura Zaharren Egunean. Azoka, antzerkia, jatekoa eta jolasak ez dira falta izan aurtengoan ere 70 urte atzera egiteko.
Ataungo VI. Ohitura Zaharren Eguna ospatu dute gaurkoan ataundarrek. Jende asko izan da bertan, duela 70 urteko Ataun ezagutuz egun polit bat pasatzeko asmoz gerturatuak. Azoka, antzerkia, jolasak, jantziak… ez da ezer ere falta izan denboran atzera egin dutelako sentsazioa izateko. Gehienak haur txikiekin joan diren gurasoak ziren, haurrei beste garai bateko ohiturak erakusteko hautua egin dutenak; beste modu batera jolastu, garai hartatik gaur egun arte eskolak izan duen bilakaera ikusi…
Azokan produktu ugari izan dituzte, hasi belarritakoetatik eta barazkietatik, eta arte lan ederrenetaraino. Horrez gain, mokadutxo bat jateko ere bazegoen aukera nahikoa, hala nola, patata tortilla pintxoak, gaztaina erreak eta taloak; baita eztia probatzeko aukera bikaina ere egileen eskutik.
Plazan zehar haur talde handi bat ikus zitekeen gaur goizean, monjaz jantzitako emakume baten atzetik. Hauek, antzerki moduko baten bitartez duela 70 urteko hezkuntza eredua errepresentatzen zuten: gazteleraz, balore kristauetan oinarritutako heziketa eta zorroztasuna. Gainera, argi uzten zuten euskararen erabileraren ukapena eta antzerki honen bitartez, garaiko eskolara jauzi egin dute gerturatu direnek. Horrez gain, eskolaren errepresentazio fisikoa ere izan dute. Inklinatutako idazmahaiak, gurutze kristaua, Franco diktadorearen argazki bat…
Haurrek dibertitzeko tartea ere izan dute beste garai baten berri zuten bitartean, garai hartako jolasak erabiliz. Guraso batzuk diotenaren arabera, haurrek beste garai batzuetako jolasak «erabiltzen» ikasi behar dute, orain dituzten aurrerapen digitalak «alde batera utziz» eta beste joko batzuekin «disfrutatuz».
Horrez gain, zenbait erakusketa izan dira garaiko objetuenak zein animalienak eta abar. Komertzio zaharren erakusketa, ganadu erakusketa
belar lanak: sortak kablez bota, zuhatza egitea…, gazta egitea, tresna eta lanabes zaharren erakusketa, herri kirol erakustaldia eta auto zaharrak izan dituzte besteak beste Ataungo herrigunean zehar banatuta.
Jende ugari ibili da bertan goiz osoan zehar eta gerturatu direnek diotenaren arabera, «oso gustora» ibili dira eta «asko ikasi» dute, batez ere haurrek eta «giro bikainean» pasa dute goiza.