Jabekuntza Eskolako neguko programazioa aurkeztu dute
Aurreko urteko programazioarekin alderatuta, bi ikastaro berri txertatu dituzte: autoestimua lantzeko tailerra, batetik, eta tokiko sendabelarrak modu praktikoan ezagutzeko tailerra, bestetik.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/01/img_5284-1.jpg)
Ordiziako Jabekuntza Eskolako neguko programazioa aurkeztu dute gaur eguerdian, eskolan bertan, Eihera kooperatibako Kattalin Minerrek, Ainhoa Jimenez udaleko berdintasun zinegotziak eta Kristina Altuna berdintasun teknikariak. Datozen hiru hilabeteetarako egitaraua izango da.
Emakumeek ezagutza eta jakintza elkarbanatzeko, sareak egiteko, ahalduntzeko, norberak bere buruarengan konfiantza lantzeko eta autonomia indartzeko espazioa da Jabekuntza Eskola. Udazkeneko programaren harrerarekin “oso gustura” agertu da Ainhoa Jimenez berdintasun zinegotzia, “parte hartzea zabala” izan delako eta emaitzek erakusten dutelako “badagoela halako ekintzak antolatzen jarraitzeko beharra”.
Abenduan bukatu zen udazkeneko programarekin alderatuta, bi ekintza berri txertatu dituzte. Batetik, autoestimua lantzeko tailerra izango da, eta bestetik, sendabelarren ezagutza praktikan jartzekoa. Denak Jabekuntza Eskolan egingo dira.
Programako ikastaroak:
- Batukada feminista: urtarrilaren 19an, otsailaren 2an, otsailaren 16an, martxoaren 2an, martxoaren 16an eta martxoaren 30ean. Ainara Sarasketaren eskutik, 18:00etatik 20:00etara.
- ‘Crear y alimentar la autoestima, trabajar la confianza’ tailerra: urtarrilaren 25ean, otsailaren 8an eta otsailaren 15ean. Nerea Redondoren eskutik, 18:00etatik 20:00etara.
- ‘Autozaintza gure ongizatearen oinarri’ tailerra: Otsailaren 23an, martxoaren 2an eta martxoaren 9an, Ainhoa Gorostidiren eskutik, 17:30etik 19:30era.
- Tokiko sendabelarrak eta erremedio naturalak modu praktikoan ezagutzeko tailerra: otsailaren 1ean, otsailaren 15ean eta otsailaren 22an, Clara Gutierrezen eskutik, 17:00etatik 20:00etara.
- Autodefentsa feminista formazioa: otsailaren 7an eta otsailaren 14an, Emaginen eskutik, 18:00etatik 20:00etara.
Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko, jabekuntzaeskola@ordizia.eus helbidera idatzi edo 623 307 159 zenbakira deitu edo idatzi behar da.