Barrendiolako urtegia gainezka dago
Azken astean egindako euriak eta elurrak goraino bete dute. Hilaren 11n %67an zegoen, eta gaur, %100ean. Goierriko beste bi urtegietan ere egoera hobetu da.
Azken astean egindako euriak eta elurrak hobetu egin dute Goierriko urtegien egoera, eta egun gutxitan ur maila igo egin da Barrendiolan, Arriaranen eta Lareon.
Barrendiolakoa goraino bete da eta gainezka dago joan den larunbatetik, beste urteetan garai honetan gertatu izan den bezala. Egun gutxitan, alerta egoeran izatetik egoera normalera igaro da: hilaren 11an bere edukieraren %67,10 bakarrik zuen beteta, eta gaur %100ean dago. Atzerago joanda, iazko azaroaren 10ean %42,93an zegoen, eta uztailaren 27an %78,47an.
Arriaran aurre-alertan, Lareo larrialdian
Goierriko beste bi urtegietan ere igo da ur maila. Arriarangoa aurre-alerta egoeran dago gaur %73,50rekin (%50,23arekin zegoen hilaren 11n, %55,04 azaroaren 10ean, eta % 79,71ean uztailaren 27an).
Lareokoa, berriz, larrialdi egoeran dago, %63,39arekin (%54,54rekin zegoen hilaren 11n, %42,87an azaroaren 10ean eta %62,83an uztailaren 27an).